Lanbidek Empleo Gune 2017 Gasteizko enplegu foroan parte hartuko du

Argitalpen-data: 

Lanbide.

Gasteizko Udalak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Kanpusak Empleo Guneren zortzigarren edizioa aurkeztu dute; Gasteizko Enplegu Foroa urriaren 26 eta 27an ospatuko da Arabako hiriburuan. Topagune honetan parte hartuko dute pertsonak laneratu eta gizarteratzen lan egiten duten enpresa, erakunde eta profesionalek eta enplegu bila dabiltzan pertsonek, eta horien artean izango da Lanbide. Aurten, enplegu sustatzaileko sektoreko 21 konpainia aurkeztuko dira, mahai-inguruetan banatuta, eta dimentsio ezberdinetako enpresak konbinatuko dira.

Empleo Gune 2017 Gasteizko Enplegu Foroak pasa den edizioetan baino enpresa gehiago eramango ditu aurten Europa Biltzar Jauregira. Ekimena gazteen enplegua sustatzen lan egiten duten gizarte-eragile nagusien topagunea da.

Ostegunean, urriaren 26an, mahai sektorialek merkataritzaren eta fabrikazio mekaniko eta automatizatuaren alorrak izango dituzte ardatz, eta Makro, DHL, Mercedes-Benz, Zayer edo RPK enpresek parte hartuko dute. Ostiralean, urriaren 27an, beste hiru sektore estrategikoren txanda izango da: enpresa eta partikularrentzat zerbitzuak; ingurumen-iraunkortasuna; eta elektronika, informazioa eta komunikazioa. Ziur bertaratuko diren enpresen artean daude Caja Laboral, Prosegur, Michelin Fundazioa, Giroa, Odei eta Deusto Sistemas. Mahai sektorial bakoitzean enpresek sektorearen bilakaerari buruz duten ikuspegia azalduko dute, baita epe motz eta ertainean beharko diren langileei buruz ere.

Enpresen aurkezpenez gain, beren lan-eskaintzak ere zabalduko dira Empleo Gune 2017 webgunearen bidez. Hala, interesa duten pertsonek beren hautagaitza aurkezteko aukera dute.

Aurreko edizioetan bezala, Empleo Gunek jardunaldi teknikoa izango du orientazioaren alorreko profesionalentzat. Aurten, jorratuko den gaiaren izenburua "Marka pertsonala dibertsitatean oinarrituta kudeatzen" da.

Mahai sektorial, enplegagarritasuna hobetzeko tailer eta orientatzaileei zuzendutako jardunaldi teknikoaz gain, foroak "Administrazioan lan egitea: guztiontzako aukera" izeneko mahai-ingurua eskainiko du. Bertan parte hartuko dute lurraldeari lotutako administrazio publiko nagusiek: IVAP-Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Gasteizko Udala, Euskal Osasun Zerbitzua, Hezkuntza Saila eta Ertzaintza.