Lanbide Heziketako 1.500 ikasle VI. Ikasenpresa Azokan parte hartzaile izan dira Eibarren
2017.eko otsailak 16
Beste urte batez, Ikasenpresa Azokaren seigarren edizioari esker, ekintzailetzaren hiriburu bihurtu da gaur Eibar, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lanbide Heziketako 1.500 ikasleren parte hartzea izan baitu. 204 Ikasenpresak beren produktu eta zerbitzuak erakutsi dituzte Txantxa-Zelain eta Untzaga Plazan kokatutako karpetan.
Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan burutzen den Ikasenpresa programak ikasle gazteen artean ekintzailetza-kultura piztea du helburu. Horretarako, ikasleek euren enpresa proiektua garatzen dute. Lan horretan, ekintzailetzarako beharrezko diren konpetentziak garatzen dituzte, eman beharreko pausoak ezagutzen, eta ekintzaile izateak zer esan nahi duen jabetzen.
2016-2017 ikasturte honetan, Euskadiko Lanbide Heziketako 73 ikastetxek parte hartzen dute, 4.000 ikasle ingururekin, eta 180 irakasleren inplikazioarekin.