Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria Vitoria-Gasteiz Triatloiaren aurkezpenean izan da
2017.eko ekainak 20
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria Vitoria-Gasteiz Triatloiaren aurkezpenean izan da gaur. Hiru aste besterik ez dira geratzen urteko hitzordurik dotoreenerako eta Gasteiz azken prestakuntzekin ari da Nazioarteko Triatloiaren hamaikagarren edizioari ongietorria egiteko. Orain arteko edizio internazionalena izango da, guztira 32 herrialdek izango dute ordezkaritza eta Espainiako 48 probintziak.
Ekitaldia uztailaren 9an jokatuko da eta bertan izango dira 2.388 triatleta eta milaka zale eta senide. Guztiek helburu bakarra izango dute; hiriaz eta lasterketaz gozatu. Ordezkaritza zabala izango duten herrialde horien artean Frantzia nabarmendu daiteke, baina baita Britania Handia eta Belgika ere. Gainera, eliteen kasuan, Alemania, Kanada eta Australia moduko herrialdeetako goi mailako kirolariak ere izango ditugu Gasteizen. Estatuko ordezkaritzari dagokionez, hiru probintzia izan ezik, gainerako guztiek ordezkariak izango dituzte Landako irteeran. Eta zer esanik ez emakumeen esku-hartzeari dagokionez: Guztira 244 emakume arituko dira nor baino nor.
Milioi bat euroko aurrekontuarekin, TriVitoriari zazpi milioi euroko itzulera ekonomikoa kalkulatzen zaio. Gaur gaurkoz, Euskadin aire librean jokatzen den ekimen handienen artean dago eta Estatuan erreferente bilakatu da; bai behintzat hedapen mediatikoari, antolakuntzari eta eragin ekonomikoari erreparatzen badiogu. Inork gutxik aurreikusi zuen orain 11 urte, TriVitoria gaur gaurko numeroetara iritsiko zenik. Sustrai sendoak ditu, hiri zoragarria atzetik, ingurune bikaina eta ibilbide zein talde antolatzaile ezin hobeak. Alegia, osagai horiekin guztiekin TriVitoriak herriko kaleak zein lurraldeko errepide eta txokoak dantzan jarriko ditu berriz ere uztailaren 9an.
Bilakaerak ez dirudi mugarik duenik eta urtetik urtera datuak esanguratsuagoak dira. Aurten, esaterako, mundu guztiko 32 herrialdek izango dute ordezkaritza, iaz baino 11 gehiagok, eta asteburu guztian ez da hotelik ezta logelarik libre egongo.