Jokin Azkue izendatu dute HABEko Zuzendari Nagusi eta Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko Zuzendari

2017.eko urtarrilak 10

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Jokin Azkue izendatu du  HABEko Zuzendari Nagusi eta Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko Zuzendari. Gobernu Kontseiluak bere gaurko saioan onartu ditu izendapen berri hauek, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren menpe izango direnak.

Azkuek Joseba Erkiziaren lekukoa hartu du HABEko zuzendaritza nagusian, eta helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen gidaritza izango da bere ardura nagusia. Euskara ikasteko bailabide didaktikoak lantzea edota udal euskaltegien zein gizarte ekimeneko euskaltegi homologatuen jarduera finantzatzen laguntzea eta sustatzea izango dira, besteak beste, bere eginkizunak. Psikologian lizentziatua da Azkue eta eskarmentua badauka erakunde autonomo honetan, 1996tik 2005era HABEko zuzendaria izan baitzen.

Horrez gain, Hizkuntza Normalizatzeko teknikaria izan da Eusko Jaurlaritzan bi etapa ezberdinetan (1986-1994 eta 2011-2013) eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendari gisara ere jarduna da bi garai ezberdinetan (1994-1996 eta 2005-2008). EAJko zinegotzia Tolosako Udalean, azken legealdian Euskara Sustatzeko Zuzendaria izan da. Kargu hau da, hain zuzen, Estibalitz Alkortak orain hartu duena.

Estibalitz Alkorta Lasarte-Oriako ingeniari industriala da eta enpresara aplikatutako Kalitate Kudeaketan du masterra. Kalitatearen kudeaketan auditorea ere bada, baita lan arriskuen prebentziorako teknikaria. Hiru hizkuntza menperatzen ditu (euskara, gaztelania eta ingelesa), eta sektore pribatuan zein publikoan aritu da. Batetik, kalitateko arduraduna eta gerentea izan da fabrikazio elektronikoko sektoreko enpresa batean. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria izan zen 2007tik 2011ra eta Lasarte-Oriako Udalean Ogasuneko batzorde-burua zein EAJko bozeramailea izan da. 2008tik Euskararen Aholku Batzordeko kidea da.

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea, gizartea sentiberatzeko kanpainak bultzatzea, hedabideetan duen presentzia suspertzea edota hizkuntzaren aldeko proiektuak laguntzea izango dira bere ardura nagusiak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan.