Argitalpen-data: 2017/06/16

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ez du aitortuko Espainiako Surf Federazioak sustatutako entrenatzaile-ikastaroa

Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren 2017ko ekainaren 13ko ebazpenaren bitartez, ezartzen du ez duela aitortuko Espainiako Surf Federazioak Donostian 2017ko apirilaren 25ean hasi omen zuen I. mailako entrenatzaile ikastaroa.

Surfeko federazioek antolatzen dituzten ikastaroak ofizialak izateko indarrean dagoen ECD/158/2014 Agindua, otsailaren 5ekoa, bete behar dute. Araudi horretan ezartzen dena betetzearen gainbegiratzea dagokio Kirolaren Euskal Eskolari, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren prestakuntza zerbitzu administratiboa.

Kirolaren Euskal Eskolak, behar bezalako ikuskaritza-lanak egin ostean, ezin izan du egiaztatu Espainiako Surf Federazioak surfeko entrenatzailearen ikastaroaren zati presentziala eta ez presentziala bideratu duenik, eta, egin izatekotan, horrek ECD/158/2014 Aginduan ezarritakoak bete dituela ere ez.

Era berean, eta ECD/158/2014 Aginduaren 30.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ebatzi du Espainiako Surf Federazioari ez diola baimenik emango hurrengo sei hilabetetan inongo entrenatzaile-ikastaro ofizialik Euskadin antolatzeko.

Bestalde, 2016an Espainiako Surf Federazioak beste bi ikastaro egin nahi zituela jakinarazi zion Kirolaren Euskal Eskolari, bidezkoa den deklarazio arduratsuaren bitartez. Kirolaren Euskal Eskolak, bide batez, aditzera eman nahi du bi ikastaro horiek ere ez dutela jaso inolako aitorpenik, Espainiako Surf Federazioak proposatuko ikastaroek ez zutelako betetzen, aldi horietan ere, ECD/158/2014 Aginduak ezarritakoa. Espainiako Surf Federazioari horren berri eman zitzaion Gazteria eta Kirol zuzendariaren 2016ko urriaren 19ko bi ebazpenen bitartez.