Isabel Muelak gastronomiaren garrantzia nabarmendu du Miniature Pintxos Congressen
2017.eko urtarrilak 11
Gasteizen egingo den Miniature Pintxos Congress biltzarraren aurkezpenean parte hartu du sailburuordeak. Isabel Muelak gastronomiaren garrantzia nabarmendu du, Euskadira turistak erakartzeko “funtsezko ardatza” den aldetik. “Produktu bikain bat, turismo bikain baterako”.
Miniature Pintxos Congress topaketa gastronomiko bat da, Euskadiko eta Nafarroako pintxo-sukaldari hoberenak biltzen dituena, Euskadi Gastronomika Produktu Klubaren barruan. Lehendabiziko hiru edizioak Murgiako La Casa del Patrón hotelean egin dira. Hiru edizioetan, arloko profesional handiek parte hartu dute (besteak beste, Karlos Arguiñano edo Ramón Roteta), eta hitzaldiak eman dituzte pintxoaren munduko eta gastronomia nazionaleko pertsona ospetsuek (besteak beste, Bixente Muñoz, Álex Múgica, José Ignacio Castrodeza, Jesús Iñigo, Gorka Txapartegi edo Kortabitarte anaiak), baita nazioarteko sukaldariek ere (besteak beste, Pascal Etcheberry, Takafumi Ishiura edo Benito Molina).
2016ko edizioaz geroztik, nazioartera zabaldu da topaketa hau, Mexiko eta Japongo miniatura-sukaldaritzako chef ospetsuekin, eta 2017an, estatuko chef onenak ere hartuko ditu. Miniature Pintxos Congressen laugarren edizioan, antolatzaileek jauzi handi bat eman nahi dute, eta parte-hartzaile kopurua areagotu. Horregatik, Gasteizen egingo da aurtengo Miniature Pintxos Congress biltzarra; hain zuzen ere, Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian egingo dira biltzarreko prestakuntza-esperientzia guztiak.