Ingurumen Sailak eta Ecoembesek Durangora eramango dute ekonomia zirkularra herritarrei hurbiltzeko kalean bertan egindako kanpaina
2017.eko urriak 20
- ‘Gurea birziklatzea da’ izeneko animazio-kanpaina ostiralean eta larunbatean egingo da Ezkurdi plazan
- Erakusketaren asmoa da hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzeari begira hartu behar ditugun eguneroko ohiturez informatzea eta kontzientziatzea
‘Gurea birziklatzea da’ animazio-kanpainak Euskadi zeharkatuko du urrian, eta honako honetan Durango bisitatuko du, ekonomia zirkularraren eta hondakinen murrizketa eta birziklapenaren onurak herritarrei azaltzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ecoembesek –ontzi eta bilgarrien birziklapena sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea- gauzatutako ekimen bat da, gai horren inguruan duten hitzarmenaren baitan.
Ezkurdi plazan ostiralean eta larunbatean (11etatik 15etara eta 16:30tik 19:30era) egingo diren jarduera elkarreragile eta ludikoen bitartez, kanpainak azalduko die herritarrei zein diren Euskadik hondakinen berreskurapenaren alorrean dituen helburuak; halaber, birziklapen on bat egiteko aholku praktikoak emango dizkie, gai horren inguruan dauden mitoak apurtzen laguntzeko. Aldi berean, publizitate-kanpaina bat egingo da Euskadiko hedabideetan, baliabideen berreskurapen eta berrerabilpenak ingurumen eta ekonomiarako dituen ondorio positiboen kontzientzia indartzeko herritarren artean.
Zaborretik lehengaira
“Erakutsi nahi dugu gaur egun zaborrera botatzen ditugun materialen parte handi bat arazorik gabe itzul daitekeela ekoizpen-prozesura, lehengai moduan. Hondakin horiek berreskuratuz eta berriro aprobetxatuz, ez dugu soilik saihesten haiek gure ingurumena kutsatzea –batzuetan hainbat mendez–; horrez gain, baliabideen erauzketa gutxitzen dugu fabrikatu ahal izateko” azpimarratu du Jesús Losadak, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendari nagusiak.
Halaber, Ihobeko zuzendariak azaldu du Ingurumen Sailak ekonomia lineala eta sostengaezina atzean uzteko apustua egin duela, horren ordez ekonomia zirkularrari bidea irekitzeko. Euskadin, ontzi eta bilgarrien plastikozko hondakinen birziklatze-maila % 32koa da, eta 2020an % 55ekoa izatea lortu nahi da.
Durangon edukiontzi horiak (lata, brik eta plastikozko hondakin eta bilgarriak), urdinak (kartoia eta papera), berdeak (beira) eta zuriak (berriz erabil daitezkeen hondakinak) daude. Azken horiek, Udalaren eta Kooperaren arteko hitzarmen baten bitartez, helburu sozial batera zuzentzen dira, jantziak eta beste objektu batzuk berriz erabil daitezen. 2019an hondakin organikoetarako edukiontzi marroiak jartzea aurreikusten da.
Ecoembesi buruz
Ecoembes (www.ecoembes.com) irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, plastikozko ontziak, latak eta brikak (edukiontzi horia) eta kartoi eta paperezko bilgarriak (eduki urdina) berreskuratzeko eta birziklatzeko prozesua Espainia osoan kudeatzen duena.
2016an, 1,3 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren Espainia osoan, ontzi arinak eta kartoi eta paperezko bilgarriak batuta. Horri esker, ingurumen-onura ugari lortu ziren, hala nola milioi bat tona C02 gutxiago isurtzea atmosferara, edo 7 milioi MWh aurreztea, hau da, 700.000 etxebizitzak baino gehiagok urtean kontsumitzen dutenaren adinakoa. Era berean, 20,1 milioi metro kubiko ur ere aurreztu ziren.