"Industria sortzailea da gastronomia, eta berekin dakar berrikuntza", esan du Maider Etxebarriak
2017.eko maiatzak 15
Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Maider Etxebarriak Arabako Pintxoaren IV. Astearen aurkezpenean parte hartu du gaur, eta eskerrak eman dizkio ostalaritzari “egiten duen lanarengatik eta bere profesionaltasunarengatik”, eta “sortzen dituzten gauza txiki horiek sukaldaritzako artelan bihurtzeagatik”.
Etxebarriak esan du Euskadin gastronomia berezko ezaugarria dela, eta pintxotan ibiltzea erabat errotutako ohitura dela gure kultura gastronomikoan eta aisialdian. Hain zuzen ere, horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat gastronomiaren aldeko apustua “hazkunde jasangarriaren zutabeetako bat da, kalitatezko turismoa, bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta lurralde-antolamendua sendotzen laguntzen duena”.
Gainera, jarraitu du esanez, industria sortzailetzat har daiteke gastronomia, “berrikuntza sustatzen eta tokian tokiko kulturen eta kultura globalen arteko loturak suspertzen laguntzen duen aldetik. Gastronomiaren bidez lortzen dugu lurralde baten funtsa gogora ekartzea, sentitzea eta ukitzea, eta pertsona bakoitzarengan esperientzia berdingabea sortzea”.
Alde horretatik, Etxebarriak gogoratu nahi izan du, gastronomia turismoaren trakzio-elementua izateaz gainera, Euskadin bizi garenontzat ere erakargarria dela “berekin dakarren esperientzian murgil gaitezen”.