Argitalpen-data: 2017/02/13
Hamazazpi urtetik gora gazte gehienek harreman sexualak izan dituzte
Sexu-esperientzia duten gazteen % 15,2k aitortu dute azken urtean arriskua dakarren harreman sexualen bat izan dutela
Gazteen Euskal Behatokiak inkesta bat egin du Euskadiko gazteen artean eta bertan 1500 gazteri ea inoiz harreman sexualik izan ote duten eta, are zehatzago, azken urtean arriskua dakarren harreman sexualik izan ote duten galdetu diegu.
Adinaren arabera ikus dezakegu 17 urte bete ondoren gazteen erdiek baino gehiagok diotela harreman sexualak izan dituztela, gutxienez behin.

15 eta 29 urte bitarteko gazte guztiak kontuan hartuta esan dezakegu gazteen %80,6k harreman sexualak izan dituztela. Gai honetan ia ez dago alderik nesken eta mutilen artean: nesken % 80,2k eta mutilen % 81,0k esan baitute sexu-esperientzia dutela.
Eta sexu-esperientzia duten gazte horien artean, zenbatek diote azken urtean arriskua dakarren harreman-sexualik izan dutela?
Sexu-esperientzia dutenen % 15,2k aitortu dute aurreko urtean arriskua zekarren harreman sexualen bat izan zutela: % 13,2k nahi gabe haurdun geratzeko arriskua edo sexu-transmisiozko gaixotasunen bat hartzeko arriskua zekarren harremana izan zuten eta gainontzeko % 2k haurdun geratzeko arriskurik ez baina sexu-transmisiozko gaixotasunak hartzeko arriskua bazekarren jardunbidea izan zuten.
Mutilen artean arriskua dakarten harreman sexualak zabalduxeago daude nesken artean baino: sexu-esperientzia duten mutilen % 16,9k esan dute azken urtean arriskua dakarren harreman sexualen bat izan dutela; nesken artean, aldiz, portzentaje hori % 13,4koa da.
Zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta gutxiagok esaten dute arriskua dakarten harreman sexualak izan dituztela. Sexu-esperientzia duten 20 urtetik beherakoen artean arriskuko harremanak izan dituztenak % 18,9 dira, 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 16,1 dira eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 12,9.

Datuok “Euskadiko gazteak 2016” ikerketaren aurrerapen datuak dira. Ikerketa hori lau urtean behin burutzen du Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteak bildumaren barruan. Bertan 30 urtetik beherako gazteen iritziak eta jarrerak aztertzen dira, horretarako egindako inkesta baten emaitzak oinarri hartuta.