Gripeak goia harrapatu du Euskadin
2017.eko urtarrilak 25
Gripearen jardunak goia jo du, nonbait, Euskadin. Izan ere, urtarrileko hirugarren astean intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 417,17 kasutan kokatu da, aurreko astean 390,5 kasutakoa izan zelarik. Hain zuzen ere, urtarrilean sasoiko intzidentzia-tasa altuenak ematen ohi dira.
EAEko Jagoletza Sareak eman dituen datuen arabera -astero-astero eguneratzen diren datuak-, egindako mikrobiologia-analisiek baieztatu dutenez gripe-isolamenduen herena AH3 birusarena da. Orain artean, sasoian zehar detektatu diren birus guztiak A motakoak dira eta aurtengo txertoan sartu diren birusekin bat datoz.
Baieztatutako gripearen ondorioz ospitaleratuak izan diren pertsonei dagokienean, berriz, 170 pertsona ospitaleratu dituzte egoera larrian gripeagatik (%40a txertoa hartu gabekoa) sasoia hasi zenetik,eta beren batezbesteko adina 72 urtekoa da. Ospitaleratuak izan diren pertsonen % 93a 64 urtetik gorakoen taldekoa edo gripearen ondoriozko konplikazio larriak izateko arriskua dutenen taldekoa zen. ZIU unitateek 40 gaixo hartu dituzte eta gehienek (10etik 8k) arrisku-faktoreak agertzen zituzten. 18 hildako egon dira sasoia hasi zenetik. Guztiak arrisku-faktoreak dutenen taldekoak edo 64 urtetik gorako taldekoak ziren eta erdiak txertoa jarri gabe zeukan. Beren batezbesteko adina 78 urtekoa zen.
Horrenbestez, txertaldian zehar txertoa jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute beste behin Osasun Sailak eta Osakidetzak, gripearen aurkako eta konplikazio larriak saihesteko metodorik eraginkorrena baita, eta arrisku handiko taldeen kasuan gehienbat: haurdun dauden emakumeak, 64 urtetik gorakoak eta gaixo kronikoak.
Lehen Mailako Arretako zentroetan gripeari loturiko kontsultek, berriz, behera egin dute aurreko astearekin alderatuta. Guztira, 6.421 kontsulta egon dira, pasa den astean 8.988 izan ziren bitartean, eta lehen astean, ostera, 4.803. Kontsulta-tasa berdintsuak egon dira lurralde guztietan.
Horregatik, Osasun Sail honetatik eta Osakidetzatik berriro ere eskerrak eman nahi dizkiegu Lehen Mailako arretako eta Larrialdietako langile guztiei, ahalegin handia eta lan ona egin dutelako, beti lez, laguntza asko eman behar izan den denboraldi honetan.
Edozein modutan, Osasun Sailak eta Osakidetzak, euren Kontingentzia Plana indarrean mantentzen dute. Halaber, gripeari aurre egiteko modurik onena ondoko gomendioak jarraitzea dela gogoratu diote biztanleriari:
- Atseden hartzea etxean, likido asko edatea eta antitermikoak hartzea eta sukarrak alde egiten ez badu, medikuarekin kontsultatzea. 902 203020 “Osasun Aholkua” telefonoa dago eskuragarri ere (Araba: 945 203020; Bizkaia: 944 203020 eta Gipuzkoa: 943 203020) edozein kontsulta egin eta zalantza argitzeko.Horren erantzuna erizain espezializatu batek emango digu beti.
- Sukarrak alde egingo ez balu eta osasun arreta beharko balitz, osasun zentrora eta EAG etengabeko arretako gunetara joatea komeni da, eta medikuaren aholkuak jarraitzea.
- Beste gaixotasunaren bat izateagatik gerta daitezkeen konplikazio larrien kasuan, ospitaletako Larrialdietara joatea komeni da.
- Transmisio indize handia duenez, garrantzitsua da ere eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.
2017/01/25