Gobernuak 2012ko aparteko pagaren azken laurdena ordainduko du eta, horrela, behin betiko amaitu Espainiako Gobernuak, duela 5 urte, hasitako gatazkarekin (Gobernu Bilera 2017-10-17)
2017.eko urriak 17
Gobernu Kontseiluak lege-proiektua onetsi du; lege-proiektuaren bidez, Eusko Legebiltzarrak berretsi ondoren, azaroko nominan ia 50 milioi euro ordaindu ahalko dira
Neurri horrek Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten ia 70.000 pertsonarengan du eragin; 2018tik aurrera, aparteko pagak kobratuko dituzte, ekainean eta abenduan, ohi bezala
Gobernu Kontseiluak, gaur, 2017 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legearen aldaketari buruzko Lege Proiektua onetsi du. Araudi-testu laburra da, artikulu bakarrekoa; horren bidez, aurten 2012ko abenduko aparteko pagaren azken laurdena ordainduko da, kontuan hartuta aparteko paga hori Espainiako Gobernuaren oinarrizko araudiak kentzeko ezarri zuela.
Orain, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio lege-proiektua, ahalik eta lasterren onesteko; horrela, azaroan, kopuru hori ordain dakieke Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langileei.
Neurri horrek, aurrekontuan, 50 milioi euro inguruko eragina izango du. 2012ko uztailaren 1aren eta 2012ko abenduaren 31ren artean Euskal Administrazio Publikoan zerbitzuak eman zituzten pertsona guztiengan du eragina. 70.000 langile inguru dira. Dagoeneko aktibo ez daudenek modu berean eta ofizioz jasoko dute dagokien zenbatekoa, eta ez dute horretarako zenbatekoa erreklamatu behar izango.
Azken ordainketa hori eginda, Eusko Jaurlaritzak behin betiko itxiko du Espainiako Gobernuak, duela bi legegintzaldi, langile publikoekin hasitako gatazka, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua, Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa, onetsi zuenean.
2018KO APARTEKO PAGAK
Gaur hartu den neurri honen bidez, 2018an normaltasunera bueltatuko da langile publikoen aparteko pagen ordainketan. Datorren urtetik aurrera, berriz ere likidatuko dira ekainean eta abenduan.