2016an, 15 eta 29 urte bitarteko 1046 emakumek genero-indarkeria salatu zuten Segurtasun Sailaren arabera
Argitalpen-data:
Indarkeria salatu zuten emakumeen artean emakume gazteen pisuak gora egin du eta gaur egun % 28koa da
Azaroaren 25ero ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Segurtasun Sailak emandako datuak aztertu ditu. Datuok emakumeenganako indarkeriaren ingurukoak dira.
Datu hauek EAEko poliziak ofizialki zenbat emakume eta zenbat indarkeria-kasu erregistratzen dituen adierazten dute. 2016an, Euskadin, 3774 emakume genero-indarkeriaren biktima izan ziren. Haietatik % 28 (1046) 15 eta 29 urte bitarteko emakumeak ziren.
Genero indarkeria jasan duten emakumeen kopuruak behera egin du aurreko urtearekin konparatuz, eta 3999tik 3774 biktimara pasatu dira. Murrizketa 30 urte baino gehiago dituztenen artean gertatu da, gazteen artean berriz biktima bat gehiago aurkitzen dugu 2016an.
Adin-taldeen araberako banaketari erreparatuz gero, 2016an honako hau antzematen dugu: 262 emakume (guztien % 7) 15 eta 19 urte bitartekoak ziren; beste 363 emakume (guztien % 10) 20 eta 24 urte bitartekoak ziren; azkenik, 421 (guztien % 11), 25 eta 29 adin tartekoak ziren.

Gehienetan emakumeen aurkako indarkeria bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa izaten da (emakume gazteen % 78a). Gero familia barruan (bikotekideak edo bikotekide-ohiak egindakoa izan ezik) jasandakoa dator (% 12). Azkenik, emakume gazteen % 10ak bere sexu-askatasunaren aurka jasandako indarkeria salatu zutenak izan ziren.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen tasek (adin-talde bereko 1000 emakumeko kalkulatuak) ezberdintasun nabariak agertzen dituzte emakume gazteen eta 30 urtetik gorakoen artean (‰ 7,5 eta ‰ 3,3 hurrenez hurren). Lurralde historikoen arabera Araban ematen da alderik sakonena. Lurralde honetan ematen dira emakumeen aurkako indarkeriaren tasarik altuenak.

Emakumeen aurkako indarkeriaren tasen bilakaerari erreparatzen badiogu, zera ikus dezakegu: 15 eta 29 urte bitartekoen tasa pixka bat igo da 2015etik 2016ra baina orokorrean 2009-2016 aldian nahiko egonkor ibili da.

Datuok eta beste hainbat Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan kontsulta daitezke, Balioak eta jarrerak atalaren Emakumeenganako indarkeria azpiatalean, hain zuzen ere.
Gazteen Euskal Behatokiak Beldur Barik egitasmoa zabaltzen lagundu nahi du. Egitasmo hau Emakundek eta Eudelek sustatzen dute, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Berdinsarea izeneko udal-sarearen baitan.
Egitasmoaren helburua gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea da. Programaren osagai nagusienetako bat ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen dituen lehiaketa da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua. Adierazpen horietan, neskek eta mutilek erakusten dute emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari nola egiten dioten aurre, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, ardurakidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta.
Beldur Barik ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu bere webgunera http://www.beldurbarik.org/ edo beren Facebook eta Twitter profiletara.