Argitalpen-data: 2017/06/09

Lorena Fernández: 'Gazteek zu EZ zauden sareak dituzte gustuko'

Lorena Fernández Álvarezek (Deustuko Unibertsitateko Nortasun Digitaleko zuzendaria bera) idatzitako artikulua. 'Gune digitalean, nola konektatu gazteekin?' ikastaroa eman du Gazteen Euskal Behatokian, 2015eko azaroaren 3, 10 eta 17an.

Gazteek zu EZ zauden sareak dituzte gustukoArtikulu hau irakurtzen ari bazara, seguru aski, gaztea izateari aspaldi utzi zenion. Horrela ez bada, barkatu. Dena den, ez dut uste barkamen asko eskatu beharko ditudanik (kontuz! ez nabil gazte espiritua dutenei buruz berba egiten, holako hainbat eta hinbat daude eta). Edozelan, nahi ta nahi ez, heldua izateak hainbat mutil eta neska gazteren etsai bihurtzen zaitu. Ez bakarrik adinagatik, baita ere autoritatearen irudia zarelako (hezitzailea, etengabe zer eta zelan egin esaten zabiltzalako, aita edo ama zarelako edo aurretik esandako guztiengatik).

Lehen sare sozialak taberna antzekoak ziren, bertan adin ezberdinetako lagunak biltzen zituen eremua, baina sare sozialak gero eta gehiago ezberdintzen ari dira adinaren arabera. Adibidez, Facebook helduez beteta dago, 25 urte baino gehiago dituzten lagunez blai. Dave Pellek, kazetaria eta interneten aditua, honako hau esan zuen Facebookek WhatsApp erosi eta gero: “Bizarduna zara, modako betaurrekoak janzten dituzu, jeans estuak, vintage alkondarak, eta tablet azken modelua pegatinaz beteta. Baina nerabe batentzat beste atso/agure bat baino ez zara”. Hori dela eta, Facebook erosketak egitera abiatu da. Instagram izan da helburua. Aurretik Snapchatekin saiatu zen, baina kale egin eta gero, haren funtzionalitateak kopiatzen hasi zen. Efimerotasunak Facebooken eskuetan eta gidaritzapean beste itxura bat hartu du: WhatsAppen egoerak, Instagram stories delakoak eta Facebookeko istorioak. Gerra deklarazio argia. Pastel osoa lortzeko falta zitzaionaren atzetik dabil orain. Temporary social media formatua kopiatzeaz gain, arrakasta handia daukan beste funtzionalitate baten kopia egin dute ere: aurpegi-mozorroak. Horiekin argazki bat edo video bat publikatu dezakegu katu-belarriekin edo ahotik ortzadarraren kolorea irtetzen zaizkigularik: baina badago zer edo zer kopiatzeko gai izan ez direnak: helduan kanpoan uztea.

2016ko urrian, Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteei egindako elkarrizketen ondorioak atera zituen, sare sozialen inguruko erabilpena eta egoerari buruz. Datuok ezagutzen genituen zenbaitetan, adibidez, % 99 sare sozialen erabiltzaileak zirela eta adin tarte guztietan WhatsApp zela errege, baina beste datu batzuk ez ziren hain ezagunak, hala nola, Snapchat 15 eta 19 urte bitartekoen artean ohikoena zela, hortik aurrerako adin tarteetan beherantz zihoalarik.

Sare sozial bakoitzeko eguneroko erabilera, sexuaren eta adinaren arabera

Mamuaren sarearen arrakasta haintzat hartuta, gertutasunak ikusi ahal ditugu Telefonicak Tuenti erosi baino lehen gertatutakoarekin. Gaur egun Snapchat sare sozialean nekez topatzen ditugu pertsona helduak, ezta erakundeak ere. Tuentik hori lortzeko asmatu zuen tresna gonbidapen murriztaileak izan ziren. Snapchaten kasuan, erabiltzeko modu ez lar intuitiboa dauka eta horrek, neurri handi baten, immigrante digitalak kanpoan mantentzen ditu, gazteak; galiarrak legez, bazter babestezin baten mantenduz. Ez da harritzekoa, Virginia Woolfek esan bezala, beraientzako, norberarentzako gela baten beharra izatea. Adin tarte horietan autonomia eta independentzia garatzen ari dira eta analogikoki gurekin egon nahi ez duten neurri berean ez dute egon nahi modu digitalean. Aurrekoan lagun batek esaten zidan: gure seme alabak bidea egiteko presta behar ditugu, ez dugu bidea haientzat presta behar. Beraz, hezkuntzatik eta konfiantzatik, espiatu barik eta fiskalizatu barik, behar duten txoko hori errespetatu beharko dugu. Horrela egiten ez badugu, 30 urte izan da ere, Unibertsitatera, lanera eta tabernatara laguntzen jarraituko ditugu.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

Facebook logoa   Twitter logoa 

GEBren logoa