Eusko Jaurlaritzak bere errekonozimendua helarazi dio Laurak Bat euskal etxeari bere 140. urteurrena dela eta antolatutako oturuntzan

Laurakbat_igandea.jpg

2017.eko martxoak 19

Laurak Bat euskal etxeak bere urteurrena borobildu du gaur bere egoitzan antolatutako jai baten bidez. Oturuntza berezi bat prestatu dute zentro honetako kideek eta hainbat lagunen gertutasuna jaso dute, izan ere, munduko euskal etxerik zaharrena izateaz gain, Argentinako bigarren elkarterik zaharrena da. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da gaurko ekitaldian eta Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendua helarazi dio Argentinako euskal komunitateari.

Sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzatik, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercorsureko ordezkaria izan dira. Eusko Jaurlaritzaren izenean opari berezi bat eman diete Laurak Bateko kideei: Agirre Lehendakariaren gobernuaren berri ematen zuen Euzkadi egunkariaren 1936ko alearen erreprodukzio bat. Lehendakariaren gutun bat ere helarazi diete, eta hunkituta irakurri dute.

Euskal dantzen saio batek eman dio hasiera gaurko ekitaldiari, Laurak Batek Belgrano Etorbidean duen egoitzaren aurrean. Donostiako danborrada ere entzun da eta, horren ostean, Arantxa Anitua Laurak Bateko presidenteak hitz egin du zentroko lagunen izenean. 140 urteko ibilbide honengatik kide guztiek duten harrotasuna nabarmendu du Anituak. Guztira 280 pertsona izan dira gaurko bazkarian.

Oso hunkigarriak izan dira azken egunak Laurak Bateko kideentzat. Ostiralean Argentinako Senatuaren ‘Mención de honor Domingo Faustino Sarmiento’ jaso zuten, oso elkarte eta norbanako gutxik duten errekonozimendu bat. Atzo, ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ Buenos Aireseko Udalaren (Hiri Autonomoaren Gobernuak) ekimena antolatzeaz arduratu ziren. Bi helburu nagusi ditu proiektu honek. Batetik, jatorri ezberdinetako komunitateei beren kulturaren inguruan biltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun handi bat sortuz hiriaren bihotzean. Bestetik, kultura erakustaldi horiek erakutsi nahi zaizkie Buenos Aireseko gainontzeko biztanleei.

Aurten, Laurak Bat euskal etxearen 140. urteurrenak bat egin du jaialdiaren ospakizunarekin. 1877ko martxoaren 13an sortua, munduko euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat. Azken Karlistadaren ostean Euskaditik heldutako 13 gaztek sortu zuten Laurak Bat euskal etxea eta bere barnean Gernikako arbolaren kimu bat dago (1906an landatutakoa). Gaur egun, 407 bazkide ditu zentroak eta euskal kulturarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak antolatzen dituzte (euskara eskolak, mus txapelketak, pilota partidak, dantzak…). Argentinako bigarren elkarterik zaharrena da Laurak Bat.