Eusko Jaurlaritzak 14 milioi euro bideratu ditu Gizarte Zerbitzuen Funtsa hornitzera; aurten, 20 milioi euro izango ditu (Gobernu Bilera 2017-06-20)

logoconsejo.jpg

2017.eko ekainak 20

Gobernu Kontseiluak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, gaur onetsi du 14.008.000 euro bideratzea Gizarte Zerbitzuen Funtsera, Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan programatuta. Gobernuak funts honi udal-eskumeneko gizarte-zerbitzuekin lotuta dauden eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema zabaltzeko oinarrizkoak diren proiektuak sustatzeko egiten dion ekarpena da. 

Hori da Eusko Jaurlaritzak Funtsari egin behar dion ekarpena, Gizarte Zerbitzuen garapenerako; 2017an 20 milioi euro izango ditu. Funts horri eginiko finantza-ekarpenak Eusko Jaurlaritzari dagozkio batetik, eta, bestetik, foru-aldundiei, koefiziente bertikalarekin proportzioan (% 70,04 eta % 29,96) eta horizontalarekin proportzioan (Araba % 16,45, Bizkaia % 50,66 eta Gipuzkoa % 32,89). 

Lurralde historikoen arteko funtsaren banaketa egiteko, koefiziente horizontalak hartuko dira oinarritzat. Gero, foru-aldundi bakoitzak zenbatekoak bere lurralde historikoko udalen artean banatuko ditu, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoak onetsitako banaketa-irizpideen arabera; organo horretan daude, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea. Organo hori izango da finantzatutako proiektuen jarraipena egiteko eta, sei hilerik behin, horien txosten xehatua Finantza Publikoen Euskal Kontseiluari bidaltzeko arduraduna. 

2017an, Eusko Jaurlaritzak emandako 14 milioi eurotik gorako kopurua honela banatuko da: Arabako Foru Aldundiak 2.304.316 euro jasoko ditu; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 4.607.231 euro; eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 7.096.453 euro. 

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen xedapen iragankorrak xedatzen du egindako eskumen-banaketaren ondorioz dagokion finantza-doikuntza egingo dela euskal administrazio publikoen artean, finantza-nahikotasuna bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa hornitzeko autonomia-erkidegoaren mailan, foralean eta udal-mailan. Legeak gainera dio eskumenen birbanaketa horrek eta finantza-doikuntza horrek inolaz ere ezingo dutela ekarri murrizketarik indarrean sartzen den egunean dauden prestazio eta zerbitzuen intentsitate- eta estaldura-mailetan. 

2016ko urriaren 14an, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak erabaki zuen Aparteko Funtsa eratzea, 20.000.000 eurokoa, Euskal Autonomia Erkidegoko foru- edo udal-erakundeek egiten dituzten Zorroari buruzko Dekretuko prestazioak eta gizarte-zerbitzuak –berriak edo oso gutxi garatuta– hornitzeko beharrezkoak diren jarduketak finantzatzeko.