Euskal gizartearen %64k kirol egiten dute eta %98ren ustez osasuna mantentzeko garrantzitsua da, Eusko Jaurlaritzaren azterlan baten arabera

2017.eko irailak 25

Eusko Jaularitzak ‘Kirola eta Jarduera Fisikoa 2017’ azterlana aurkeztu du gaur, egunotan Bilbon ospatzen den Europako Kirol Astearen hasiera ekitaldiaren barruan. Jon Darpón Osasuneko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu dituzte Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlan honen datuak, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbao ere eurekin izan dira ekitaldian. Txostenak, besteak beste, alderdi hauek neurtzen ditu: kirol-jarduera EAEko gizartean, biztanleriaren begietan kirolaren eta osasunaren artean dagoen lotura edota kirol-ikuskizunekiko interesa.

Gaur aurkeztutako azterlan honen arabera, euskal gizartearen %64k kirol egiten dute, nahiz eta gizon eta emakumeen artean alde nabarmena egon. Txostenak, bestalde, argi erakusten du gizarteak lotura zuzena egiten duela kirolaren eta osasunaren artean, eta gehien praktikatzen diren jarduerak osasunera eta aisialdira bideratuta daude, lehiatzeko edozein helbururen gainetik.

Kirola eta osasuna

Azterlanaren arabera, inkestatuen %75en ustez, jarduera fisikoa egitea “osasun-iturri” da (“oso ados” daude baieztapen honekin). Horiei gehitu behar zaie baieztapen horrekin “nahiko ados” dauden %23; guztira, %98. “Datu horrek atentzioa eman digu modu positiboan. Gizarteak badaki kirola eta jarduera fisikoa osasun-iturri direla. Osasunaren Mundu Erakundeak berriki adierazi du jarduera fisikorik eza dela herrialde garatuetan gaixotasun kronikoak izateko gehien laguntzen duten faktoreetakoa. Jarduera fisikorik eza hilkortasun-arriskuaren laugarren faktorea da mundu osoan (heriotzen %6 mundu-mailan). Horren gainetik, Darpón sailburuak adierazi duenez, honako hauek daude soilik: hipertentsioa (%13), tabakoaren kontsumoa (%9) eta glukosa gehiegi odolean (%6).

Lan honetan, kirolarekiko interesarekin lotutako zenbait adierazle biltzen dira (guztiak oso maila altuan daude, Estatuaren gainetik), interes orokorra oinarri hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %79k interes handia edo nahiko handia erakusten dute jarduera fisikoarekiko eta kirolarekiko (Espainian, biztanleen %55 dira); kirola egiteko interesa 10etik 6,9an dago (Estatuan 5,6ean); eta kirol-ekitaldietara joateko interesa 5,4ean (4,3 Estatuan).

Gainera, EAEko herritarren %95ek nahiko lukete euren seme-alabek kirol-jardueraren bat egitea, eta, %92ren iritzian, kirolak eta jarduera fisikoak oso toki garrantzitsuan edo nahiko garrantzitsuan egon beharko lukete herrialdearen bizitzan. Dena den, toki garrantzitsu hori hartzen dutela uste dutenen ehunekoa txikiagoa da (%60).

Inkestatuek gehienbat hautematen dituzten onuren artean, honako hauek daude: “osasun-iturria”, “tentsioak askatzea ahalbidetzen du”, “balioak eskuratzea bultzatzen du”, nazionalitate eta kultura desberdinetako pertsonak elkarrengana hurbiltzea errazten du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak alderdi hau nabarmendu du: “Agerian da gizartearen gehiengoak kirola lotzen duela onura bereziki positiboekin. Garrantzitsua da ikuspegi hori baliatzea jarduera fisikoa bultzatzen jarraitzeko”.

Bestalde, deigarria da ageri den aldea gizartearen ikuspegitik laguntza gehien jasotzen duten kirol moten artean. Izan ere, hiritarren ustez babes gehien jasotzen duten kirol motak, batzuk dira, eta sostengu gehien jaso beharko luketenak beste batzuk dira. Eskola kirola da, hiritarren aburuz, babes gehien jaso beharko lukeena (%38); horren ostean, “denontzako kirola” (%36), kirol federatua (%12) eta, azkenik, “kirol ikuskizuna” (%3). Hala ere, gizartearen %77k uste dute instituzioek batez ere “kirol ikuskizuna” laguntzen dutela.

Kirol-jarduera

Kirol-jarduerari dagokionez, azterlanak oso datu positiboak utzi ditu. Hala, inkestatuen %64k diote kirola egiten dutela (%29k esaten dute kirol bat egiten dutela, eta %35ek, berriz, kirol bat baino gehiago egiten dutela), Estatuko %40ren aldean (%22k kirol bat eta %18k bat baino gehiago). 2004an kirola praktikatzen zutenak %52 ziren.

Sailburuak adierazi duenez, kirol-jarduerari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko aldea 13 puntukoa da: gizonen %70ek eta emakumeen %57k egiten dute kirola. “Hobetzeko tarte zabala geratzen da, eta esparru horretan lan egiten jarraitu behar dugu erakundeetatik”, adierazi du. Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Gipuzkoa da lurralde aktiboena (%71), Bizkaiaren (%62) eta Arabaren (%54) aurretik.

Bestalde, sailburuak adierazi duenez, badaude hobetzeko alderdi gehiago. Izan ere, askok (%23k) interes handia edo nahiko interesa dute kirolarekiko, baina gaur egun ez dute kirolik egiten.

 

 

Kirol-jardueraren ezaugarriak

EAEko herritarrek gehien egiten dituzten kirol-jarduerak osasunera eta aisialdira daude bideratuta bereziki: ibiltzea (%24); txirrindularitza, mountain bike (%22); oinezko lasterketa (% 18); igeriketa (%18); mendizaletasuna, xendazaletasuna (%18); batez ere musikaz lagundutako jarduerak —aerobic, aquagym, dantza, pilates, zumba, etab.)— (%15); eta gimnasioko jarduera fisikoa (%14). Beste kirol batzuk —esaterako futbola (%9) edo saskibaloia (%5)— haiekiko urrun geratzen dira.

2004an egindako txostenaren aldean, aipatzekoa da ibiltzea aukeratzen dutenen kopuruan izandako jaitsiera (%30etik %24ra); aldiz, ‘running’ egiten dutenen kopurua areagotu da (%11tik % 18ra), baita musika-euskarria duten jarduerak —aerobic, zumba eta antzekoak— egiten dituztenena ere (%8tik %15era). Federazio-lizentziei dagokienez, herritarren %16k federazioko kirol-lizentzia bat edo gehiago dute (kirola egiten dutenen %24 dira); Estatuan, berriz, %10ek. “Kontuan izanik kirol-jarduera autonomoa (antolakuntza edo laguntza berezirik gabe) egiteko goranzko joera hori, instituzioen aupada da herritarrei tresnak eskaintzea kirol-jarduera osasungarria egiteko”, gehitu du Zupiriak.

Datu horien argitara, Osasuneko eta Kultura eta Hizkuntza Politikako titularrek nabarmendu dute sailarteko proiektuak bultzatzen jarraitzeko borondatea dutela, EAEko gizartean sedentarismoari aurre egiteko eta jarduera fisikoa bultzatzeko helburuarekin. “Mugiment-en gisako ekimenak —ekitaldi honetan indartu nahi dugu— eta aldundiekin eta udalekin batera bultzatutako proiektuak baliagarriak izan behar ditugu EAEko gizartean jarduera fisikoa sustatzen jarraitzeko. Datuek, oso positiboak izan arren, ez gaituzte konformismora eraman behar, lanean jarraitzera baizik; adibidez, interesa izanik kirolik egiten ez dutenen ehuneko handi horrek aurrerapauso bat eman dezan”, azaldu du Zupiriak.

 “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean, beste sail eta instituzio batzuekin batera, ekimenetan eta ekintzetan lanean dihardugu jarduerarik ezaren egungo ehunekoa %10 eta %15 artean jaisteko; hori guztia Osasun Planean finkatu ditugun helburuekin bat. Hala, aukera hau baliatu nahi nuke adin guztietako pertsonei deia luzatzeko jarduera fisikoa eguneroko bizitzan modu errazean sar dezaten: paseatuz, bizikletan laneratuz edo, igogailua hartu beharrean, eskailerak igoz”, gehitu du Darpónek.

 ‘Kirola eta jarduera fisikoa 2017’ txostenaren inkestak ekainaren 13tik 15era bitartean egin ziren, telefono bidezko 1.000 elkarrizketaren bitartez.