Argitalpen-data: 2017/02/16
Euskadiko gazteen kopuruak % 25 behera egin du azken 10 urteotan
Euskadin 2016ko urtarrilaren 1ean 15 eta 29 urte bitarteko 283.517 lagun zeuden
Euskadiko egitura demografikoari buruzko datuak eskainiko ditu jarraian Gazteen Euskal Behatokiak. Datuok EUSTATek Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikaren bidez jasotakoak dira. Datuak adierazten dutenez, 2016ko urtarrilaren 1ean 283.517 lagun zeuden Euskadin 15 eta 29 urte bitartekoak. Horien artean 144.480 mutilak ziren; beste 139.037, neskak.
2006 urtean 15 eta 29 urte bitarteko 377.395 lagun zeuden Euskadin. Ordutik, kopuru horrek % 25 behera egin du.

Lurralde historikoen arteko ezberdintasunei jotzen badiegu, begi bistakoa da Bizkaia dela jaitsiera portzentual bortitzena izan duen lurraldea. 2006an Bizkaian 15 eta 29 urte bitarteko 201.119 gazte bazeuden, 2016 urtean 145.601 dira (% 27,6ko jaitsiera). Araban, urte tarte berdinean, 57.001tik 42.433 gazte izatera pasa dira (% 25,6ko jaitsiera). Gipuzkoa da gazte kopuruaren murrizketa xumeena izan duen lurraldea baina horrela ere jaitsiera handia izan da, 2006ko 119.275tik 2016ko 95.483ra (% 19,9ko murrizketa).

Gizarte batean 15 eta 29 urte bitartekoek hartzen duten portzentajezko proportzioa adierazten du gazteria indizeak. Euskadin indize horrek behera egiten dirau. 2006an % 17,8 bazen, 2016ko urtarrilaren 1ean % 13,1era heldu da.

Datuak lurralde historikoen arabera aztertuz gero zera ikus dezakegu: Bizkaia da gazteria indizerik baxuena duen lurraldea (% 12,8). Jarraian Araba dago (% 13,2) eta geroago Gipuzkoa (% 13,4). Indize honen beherantzako bilakaera berdina izan da hiru lurralde historikoetan.

Datuok eta beste hainbat Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan kontsulta daitezke, Biztanleria atalean, hain zuzen ere.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!