Argitalpen-data: 2017/04/03

Euskadiko bost gaztetik bat gazteen lonja edo lokaletako kide da

Lonja edo lokaletako kide izatea ohikoagoa da mutilen artean eta 20 urtez azpiko gazteen artean

GEBren logoaEuskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 20,3k gazteen lonja edo lokaletako kide direla diote. Gainera beste % 29,6k adierazi dute lehen izan zirela baina jada ez, eta % 49,9k, aldiz, azaldu dute ez direla lokal mota horietako kide izan inoiz.

Orain kide direnen ehunekoa 2012an jasotakoa (% 19,5) baino handixeagoa da. Lehen kide izandakoen zifra ere handiagoa da 2016an 2012an baino.

Gazteen banaketaren bilakaera, lonja edo lokaletako kidetasunaren arabera (%)

Lonja edo lokaletako kidetasuna zabalduago dago 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean (% 28,0 kide dira gaur egun) eta jaisten doa adinak aurrera egin ahala (25 eta 29 urte bitartekoen artean % 10,9 dira kide). Izan ere, 20 urtetik gorako taldeetan gehiago dira lehen kide izandako gazteak orain kide direnak baino.

Alde handia dago gizon eta emakume gazteen artean: 15 eta 29 urte bitarteko gizonen % 28,3 lonja edo lokal bateko kide dira gaur egun; adin bereko emakumeen artean, berriz, % 11,9.

Gazteen lonja eta lokaletako kide diren edo izan diren gazteak, sexuaren eta adin-taldeen arabera  (%)

Bestalde, aztertzen badugu zenbat gazte joaten diren lonjetara eta zenbatero joaten diren (kide izan zein ez), ikus dezakegu Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 6,7 egunero edo ia egunero joaten direla lokaletara. Gutxienez astean behin joaten direnak hartzen baditugu kontuan ehunekoa % 20,8ra igoten da.

Zifra horiek gazte guztiei dagozkie. Orain lonja edo lokaletako kide direnak soilik aukeratzen baditugu, ikusten dugu laurden bat baino gehixeago (% 28,7) joaten dela egunero edo ia egunero lonjetetara. Eta % 87,2 astean behin gutxienez.

Aipatu behar da gazte gutxi batzuk, orain kide izan arren, astean behin baino gutxiagotan joaten direla lonjetara (oraingo kideen % 6,1 hain zuzen ere) eta badaude beste gazte batzuk noizero joaten direla lokaletara nahiz eta orain kide ez izan (kide ez direnen % 3,9 gutxienez astean behin joaten dira).

Gazteen lonja edo lokaletara joateko maiztasuna, gaur egun lokal horietako kide izatearen arabera

Aurkeztutako datuak “Euskadiko gazteak 2016” ikerketaren aurrerapen-datuak dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokia ari da lantzen eta hori burutzeko Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazte elkarrizketatu ditu. Elkarrizketa horietan hainbat gairi buruz galdetu zaie, horien artean gazteen lonja eta lokaletako kidetasunari buruz.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa