Eusko Jaurlaritzak Cundinamarca Departamentua gehitu du bere aliantza estrategikoen sarean

2017.eko maiatzak 31

Lehendakariak eta Tapia sailburuak laneko elkarraldi bat izan dute euskal enpresekin

Eusko Jaurlaritzak eta Cundinamarca Departamentuak elkar aditze Memorandum bat sinatu dute aldebiko harremanak sendotu eta horietan sakontzeko eta baterako lankidetza-proiektuak garatzeko elkarren intereseko eremuetan. Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta departamentu horretako Gobernadore Jorge Emilio Rey-ren artean sinatu dute memoranduma, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Kolonbiara egiten ari den bidaia instituzionalaren esparruan. Gogoratu beharra dago Euskadi 2020ren Internazionalizazio Esparru Estrategiaren barruan Eusko Jaurlaritzak “lehentasunezko” kide gisa identifikatzen duela herrialde hori Euskadiren internazionalizaziorako. Lehendakariak gogorarazi duen bezala, euskal enpresen presentzia handiena duen Hegoamerikako lehenengo herrialdea da gaur Kolonbia.

Kolonbian eman duen aurreneko egunean Urkulluk azaldutakoaren arabera, aliantza estrategikoen sare bat garatzen ari da Euskadi interes partekatuak dituzten eskualde aitzindariekin. Cundinamarca seigarren kide gisa txertatzen da sare horretan. Hauek dira aurreko kideak: Akitania, Baviera eta Flandes Europan, Jiantsu Txinan eta Querétaro Mexikon. Gainera, hemendik gutxira Quebec barneratu ahal izatea da helburua. Zehazki, gaur Cundinamarca Departamentuarekin sinatutako memorandumak baterako ekintzak jasotzen ditu politika hauetan: clusterrak, merkataritza, inbertsioak eta negozioak, balio partekatuaren ereduak, espezializazio adimentsua, lehiakortasuna, produktibitatea eta produktu eta elikagai prozesatuen merkaturatzea hobetzeko ereduen trukea, enpresen internazionalizazioa, I+G+B, ingurumena, lurralde-plangintza, kultura, hezkuntza eta turismoa.

Bogota hiriburu duen Kolonbiako 32 departamentuetako bat da Cundinamarca. Eskualdeak 10 milioitik gora biztanle ditu eta bertan daude herrialdeko enpresen herena. Izan ere, herrialdearen hazkundearen eragilea da eskualde hori, % 30eko partaidetza baitu Kolonbiako BPGan. Ospe handia du nazioartean, eskualde erakargarria delako negozioak egiteko eta inbertsiorako.

Gainera, Cundinamarca interes ekonomiko gehien sorrarazi dituen departamentuetako bat da Kolonbian, eta azkenaldi honetan euskal enpresen ezarpen gehieni harrera egin diena –horietatik % 85 Bogotan daude kokatuta–. Interes handiko eskuldea da Euskadirentzat bere kokapen estrategikoari –Kolonbiako erdialdean dago– eta bere komunikazio-sareari esker, baita harremanak garatzeko partner egokia ere.

ELKARRALDIA ENPRESEKIN ETA KOLEKTIBITATEEKIN

Akordioa sinatu ondoren, Lehendakariak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak laneko elkarraldi bat izan dute euskal enpresekin. Bertan, enpresek orain dituzten premiak eta zailtasunak zuzenetik ezagutzeaz gain bere konpromisoa helarazi die Eusko Jaurlaritzak enpresa-ehunari zabalkuntza- eta internazionalizazio-prozesuetan laguntzeko. Beste neurri batzuen artean, kanpoko merkatuetan sartzeko 1.200 euskal enpresa txikiri eta ertaini zuzendutako laguntza nabarmendu du Urkulluk.

Amaitzeko, Kolonbiako euskal komunitatearen ordezkaritza batekin elkartzeko aukera izan du Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, eta era horretan Euskadi eta Kolonbia, harrera-herrialde gisa, batzen dituzten sustrai historikoetan sakontzeko. Bestalde, nabarmentzekoa da biztanle antiokiarren % 40ak euskal jatorria duela, 2,8 milioi pertsona inguru, euskal ondorengo gehien biltzen diren lekuetako bat izanik munduan. Gainera, hiru euskal etxe ditu herrialdeak (Bogota, Medellin eta Caldas).