Cristina Uriartek Hezkuntza Bereziko Gorbeialde Ikastetxea bisitatu du, Gasteizen

Cristina Uriarte, Olatz Garamendi eta Maite Alonsorekin batera, Gorbeialdeko fisioterapia gela batean

2017.eko martxoak 28

  • Euskadiko Hezkuntza Bereziko erreferentziazko ikastetxea da Gorbeialde, eta, 2016-2017 ikasturtean 40 ikasleri egiten die arreta, guztiak ere desgaitasun anitzekin lotzen diren hezkuntza-premia berezikoak.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso eta Olatz Garamendi sailburuordeak lagun zituela,  Gasteizko Gorbeialde Hezkuntza Bereziko Ikastetxea bisitatu du gaur arratsaldean. Ikastetxe horrek, 2016-2017 ikasturtean, 3 eta 21 urte arteko 40 ikasleri egiten die arreta bere instalazioetan. Ikasle horiek garapenean modu globalean eragina duten desgaitasun anitzak dituzte, eta, horrenbestez, desgaitasun anitz horiekin lotzen diren hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dira.

Gaur egun profesional talde zabala arduratzen da ikasle horiez guztiez: pedagogia terapeutikoko 12 espezialista, bi logopeda, hezkuntza-laguntzako 16 espezialista, hiru fisioterapeuta, psikologo bat, gorputz-hezkuntzako irakasle bat eta sukaldari bat, besteak beste. Profesional horiei gehitzen zaie, eta ikastetxera nolabaiteko maiztasunez hurbiltzen dira, Itsuen Baliabidetegiko irakasle bat, errehabilitazio-mediku bat, lanerako terapeuta bat eta ortopeda bat.

Hiru hamarkadako ibilbidea du Gorbeialde ikastetxeak, eta erabiltzen duen metodologia une oro egokitzen da ikasleen ezaugarrietara. Metodologia horren bitartez, hezkuntza-erantzunaren globaltasuna bilatzen da, baliabide guztiak erabil daitezen ikastetxeko profesional guztien arteko elkarlaneko prozesu baten barruan, beti ikasleen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Gazte horien gaitasunak garatzen laguntzen duen metodologia da.

Gorbeialde Hezkuntza Bereziko Ikastetxea Gasteizko Lakua auzoan dago, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe batzuetatik oso hurbil, eta hori oso lagungarria da inklusio-planteamendua gauzatzeko “eskolaratze partekatuko” modalitatean, hau posible duten ikasleen kasuan. Modalitate horretan, Gorbeialdeko ikasle batzuk Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ohiko ikastetxeetara joaten dira, eta bertan osatzen dute prestakuntza, giro normalizatuan, baldin eta elkarreragin hori aberasgarria bada ikaslearentzat.  

Gaur arratsaldeko bisitaldian eta ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidatuta, Uriarte sailburuak bertatik bertara ezagutu ditu Gorbeialde ikastetxearen instalazioak: ikasgelak, jangela, areto multisentsoriala, areto sentsoriomotorea, fisioterapia-gelak, edo igerileku egokitua eta girotua. Azken instalazio hori, igerilekua, duela gutxi berritu da, eta arratsaldez, behin eskola-ordutegia amaitu denean, APDEMA, ASPACE eta Autismo Araba elkarteek ere erabiltzen dute.