Cristina Uriartek Araba Euskaraz festaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Bastidan
2017.eko ekainak 18
Hezkuntza-sistemak euskararen hedapenerako izan duen funtsezko zeregina nabarmenduz hasi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurtengo Araba Euskaraz festaren irekiera ekitaldiako bere hitzaldia. “Euskara, orain dela urte batzuk pentsaezina gertatzen zitzaigun esparru eta lekuetara hedatu da. Eta hori, beste inon baino hobeto dakizue Arabako Errioxan”, azaldu du Uriartek.
Baina hezkuntza-sistema nahiz ikastolak euskararekin uztartzen ditugun moduan, gero eta gehiago, eskola beste ezaugarri garrantzitsu batzuekin ere lotzen dugula nabarmendu nahi izan du sailburuak. “Gero eta gehiago, gure hezkuntza-sistema aniztasunaren sinonimo ere bada; eta bizikidetzarena; gure hezkuntza-sistemak inklusibitatea esan nahi du; gizarte-kohesioa; ekitatea; eta etorkizunerako ikasle guztiei aukera-berdintasuna eskaintzea”
Etorkizuneko Hezkuntza Legea hizpide hartuta, berriz, eragile gutien arteko elkarlanerako eta adostasunak aurkitzeko deia egin du Hezkuntza sailburuak Bastidan. “Horixe da bidea: elkarlana. Eta horixe da gure erronka, guztion erronka. Hezkuntza-eragile guztien artean hitz egin, hausnartu eta adostu. Hezkuntzak zatitu egin beharrean, batu egin behar gaitu. Etorkizuneko hezkuntza-legea izan behar dugu jomugan, adostasunaren bidean barrena, oinarrizko akordioa lortu arte. Ez da erronka makala, eta horretan guztiok gara arduradun”. Jaurlaritzak adostasunaren alde egiten duen deiari erantzuten dioten guztiak ongi etorriak izango direla ziurtatu du Uriartek.