Beatriz Artolazabalek itsu-gorrei arreta emateko ONCE fundazioak hauen gizarteratzearen aldeko egindako lana goraipatu du

10a_FOAPS_logo.jpg

2017.eko otsailak 21

- Gaur egun, bost euskaldun itsu-gorrek jasotzen dute FOAPSeko bitartekarien laguntza

- Itsu-gorrei Arreta emateko ONCE Fundazioak (FOAPS) hamar urte betetzen ditu

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabalek, Itsu-gorrei Arreta emateko ONCE Fundazioak, FOAPS-ek Euskadin 2007tik egiten ari den lana nabarmendu du, pertsona hauen gizarteratzea errazten duelako.

Itsu-gorrei arreta emateko ONCE Fundazioa (FOAPS) laguntzarako fundazioa da. Fundazioaren helburua da itsu-gortasuna duten pertsonen behar bereziei arreta emateko programak garatzea da. Aurten hamar urte betetzen ditu eta ‘Hartu nire eskua’ izenpeko kanpaina jarri du abian, azken hamar urteetan egindako lana goraipatuz.

Gaurko ekitaldian ONCEko presidenteordea, Patricia Sanz Cameok eskerrak eman ditu agintariek lan honetan ematen duten laguntzagatik, eta itsu-gortasuna desgaitasun paregabe gisa ikusarazteko beharra azpimarratu du. “Pertsona horiek herritarrengandik hurbil egon behar dute, bakoitzaren egunerokotasuneko errealitateak ezagut ditzaten, batez ere isolamendu-arriskua”, nabarmendu zuen. Ekitaldian Juan Carlos Andueza Euskadiko ONCEko ordezkaria eta Javier Domínguez Entenza Lurralde Batzordeko presidentea ere izan dira.

3.400 arreta-ordu baino gehiago

10 urteotan, FOAPSek 3.446 ordu eskaini dizkio, guztira, bitartekaritza-lanari Euskadin; horietatik, 267 2016. urtean. Datu orokorretan, estatuko lurralde osoan, 540.573 ordu izan dira, eta, horietatik, 83.384 iaz.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, itsu-gortasuna duten bost pertsona onuradun daude; hasiera batean, 2007an lau pertsona ziren; 2010ean, zortzi; eta, orain, horiek bostak, guztiak helduak. Horiei arreta emateko, FOAPSek bi bitartekari ditu lanean (bat Bilbon eta bestea Gasteizen eta Donostian); bi bitartekari horiek pertsona horien beharrei erantzuten diete.

Euskadin, FOAPSek komunikazio-programak garatzen ditu familiarekin, eta lanerako tailerra kasuetako batean. Baina, halaber, errehabilitazioko eta tifloteknologiako programak ere garatzen ditu, beharren arabera.

Hamar urteotan, Itsu-gorrei Arreta emateko ONCE Fundazioak 45.247 euro bideratu ditu Euskadin baliabideetara, eta 13.917 euroko ekarpena izan du, erakunde publikoen eskutik.

Isolamendua saihestea

Itsu-gorrei Arreta emateko ONCE Fundazioa (FOAPS) laguntzarako fundazioa da, ONCEk eskatuta sortu zena, 2007ko uztailaren 20an. Fundazioaren helburua da itsu-gortasuna duten pertsonen behar bereziei arreta emateko programak garatzea eta interes berezia jartzea hezkuntzarekin eta enpleguarekin lotutakoetan, horiek gizarteratu eta laneratu ahal izateko eta pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko eta beren giza garapenari eta adimentsuari bide emateko.

FOAPS abian jarri aurretik, ONCEk bazuen Itsu-gorrei Arreta emateko Unitate Teknikoa; hura 2000. urtean sortu zen formalki, eta eraginkortasunez jarri zen martxan 2001aren hasieran. Hala ere, 1987tik bazegoen itsu-gorrentzako programa zehatz bat, eta, ONCEk hasi zenetik arretaren inguruan eskuratu zuen esperientzia aprobetxatuz, Arreta Programa bilakatu zen. Programa horrek “ikasgeletan” abiarazteko egitura izan zuen, ONCEren hezkuntza-baliabideetarako zentroei lotuta; izan ere, hezkuntza-arretarako oinarrizko zeregina betetzen zuen. Alabaina, hasiera horietatik, heldu itsu-gorren beharrak ere aurreikusten ziren. Programa horren heltze-prozesuaren (1987-2000) ondoren, Unitate Teknikoa sortu zen.

FOAPSen jardueren artean nabarmentzekoak dira bitartekari pertsonalekin itsu-gortasuna duten pertsonen komunikazioa sustatzeko eta horri laguntzeko egiten den gizarte- eta hezkuntza-bitartekaritza, itsu-gorrak ingurunea ahalik eta hoberen ezagut dezan. Eta informazioa eta zabalkundea, zabalkunderako zenbait jardueraren bidez (liburuxkak argitaratzea, hitzaldiak etab.), desgaitasun hori hobeto ezagut dadin, bai eta itsu-gorrek dituzten beharrak ere.

Itsu-gortasuna desgaitasun paregabea da; bi zentzumen-urritasunen konbinazioa da (ikusmena eta entzumena), eta aparteko komunikazio-arazoak eta behar bereziak eragiten ditu, orokorrean ulertzeko eta ingurua ezagutzeko eta, beraz, inguruaren gainean interesa izateko eta bertan moldatzeko zailtasunen ondorioz.

Itsu-gortasuna duen pertsonak zentzumen bakarrean mugak dituenak baino murriztuago ditu estimuluak. Hori dela eta, beste metodologia batzuk jarri behar dira praktikan, bai umeen hezkuntzan, bai gazte eta helduen gaikuntzan eta errehabilitazioan, ikusmenean eta entzumenean egon daitezkeen arrastoen aprobetxamenduan ez ezik, gainerako zentzumenen aprobetxamenduan ere oinarrituta, batez ere ukimenean.

‘Hartu nire eskua’

Kanpaina honetarako aukeratutako goiburua pertsona horien komunikazio-beharrekin dago lotuta, kontuan hartuta informazioa, batez ere, eskuen bidez jasotzen dutela, hainbat sistemaren bitartez.

Pertsona horietako batzuek, ikusmeneko arrastoren bat badute, zeinu-hizkuntzarekin komunikatzen dira airean, ukimenean eta eskuetan oinarrituta, ikusmen-arrasto gutxi edo ezer ez dagoenean. Edo sistema alfabetikoen bidez komunikatzen dira, ikasteko errazagoak baitira, besteak beste, daktilologikoa edo letra larri bidezko idazketa esku-ahurrean. Kasu batzuetan, batzuek komunikazio-taulak baliatzen dituzte, solaskideak sistema ezagutzen ez duenean.

Bestalde, teknologiak asko egin du aurrera, eta gero eta itsu-gor gehiagok erabiltzen dituzte ordenagailuak eta mugikorrak komunikatzeko, betiere horiek irisgarriak badira. Testuak braille lerro edo ahots-anplifikaziorako sistema irakurgailuen bidez irakurtzen dituzte.

Hala ere, gehienetan, eskuzko komunikazio-sistemara jo behar da. Hori naturaltasunez gerta dadin, alde batera utzi behar dira aurreiritziak eta komunikazioan jardun nahi dugun pertsona horren eskua hartu, edo utzi itsu-gortasuna duen pertsonak jar ditzan bere eskuak gure eskuen gainean, hain sinplea eta, aldi berean, hain garrantzitsua den ekintza horri, elkarrizketari, ekiteko. Horregatik diogu ‘hartu nire eskua’ leloa.