Beatriz Artolazabalek Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietako Sailaren lana gogoratu du, itsasontziak erbestera irten zireneko 80. urteurrenean

HABANA.jpg

2017.eko martxoak 21

  • Juan Gracia sailburuak zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren orduko Gizarte Laguntzako Sailak burutu zuen lanak humanismoa eta aurreikuspena nabarmendu zituen"
  • 1937ko matxoaren 21ean irten zen Eusko Jaurlaritzak antolatutako 450 haur atzerriratzeko lehen espedizio ofiziala. Bermeotik Oleron uhartera —Frantziako Boyardville herrian— eraman zituzten.

VG 17 03 21

 

“Euskal portuetatik erbestera ehunka haur eraman zituzten itsasontziak irten zirela 80 urte betetzen direnean, 1937an Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietako Sailaren lan itzela” gogoratu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.  1937ko martxoaren 21ean burutu zen, Errepublikako Gobernuaren babesarekin, Eusko Jaurlaritzak atzerrira antolatutako haurren lehen espedizio ofiziala. Bermeoko portutik irten zen itsasontzi batean, 450 haur Frantziako Boyardville herriko Oleron uhartera eraman  zituzten.

 

Espedizioak Bordeleraino jarraitu zuen. Haurrak bertan egon ziren hilabete batez euren herrialdetik urrun. Beranduago, 1937ko maiatzaren 6an beste 2.273 haur —hainbat irakasle, erizain eta laguntzailerekin batera— irten ziren “Habana” ontzian Frantziarantz, eta bertako “La Pallice” portuan lehorreratu ziren. Bertan desinfektatu eta txertoak ipini zizkieten. 1937ko irailean, Frantzian 20.000 haur errefuxiatu zeudela kalkulatu zen. Gehienak euskaldunak baziren ere, bertan ere bazeuden Asturiastik, Santandertik eta Madrildik heldutakoak.

 

“Juan Gracia sailburuak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntzako Sail hura funtsezkoa izan zen, zalantzazko garai hartan, haur errefuxiatu asko kontrolatzeko, haiei ostatu emateko eta artatzeko. Agirre lehendakariaren Jaurlaritza hartako Gizarte Laguntzako Saila jangelak, bizileku kolektiboak eta zerbitzu medikoak barne hartzen zituen sarea abian jartzeko eta  70.000 errefuxiatu baino gehiagori bizimodu duina emateko gai izan zen”, azaldu du Artolazabalek.

 

Erbestera hainbat lekutatik irteten ziren: Bilbo, Santander, Asturias edo Bartzelonatik. Iparraldeko portuetatik irteten ziren gehienak Bordele, Pauillac, La Rochelle, La Pallice eta St. Nazaire-ra eramaten zituzten. Bertatik, Frantziako gobernuak aurreikusitako harrera-lekutara bideratzen zituzten, adibidez, Nantes eta Verdon-era, Behe Pirinioetara (Orthez, Gethary, St. Christau), Dax, Narbone, Sète, Pesenas, Chateau de Loir eta Enghien-les-Bains bezalako Frantziako beste leku batzuetara, edo Belgikara (Marchin), Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketaren ondoren.

 

Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntzako Sailak baporeetan ateratzen zituzten erbesteratuen zerrendak osatzen zituen. Baporeak hauek ziren: "Kenfig Pool", "Candleston Castle", "Kellwyn", "Perros Guirec", "Sarastone", "Molton", "Al Racon", "Stancroft", "Ploub Azlance", "Marvia", "Pilton", Stambrook", "Thorpebay", "Jacobus", "Stanwold", "Naisel Vale", "Mieres", "Stangrove", "Stambrige", "Celta", "Margaret Rose", "Brendel", "Naisel Vale", "Altsu Mendi", "Bramden" eta "Stanray".