"Arabako Errioxa: hemen, gurea" kanpaina aurkeztu da, Arabako Errioxako ardoaren kontsumoa eta ezagutza sustatzeko

arabakoerrioxahemengurea.jpg

2017.eko urriak 26

Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak ABRA, "Arabako Errioxa: hemen, gurea" kanpaina aurkeztu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera. Haren bitartez, Arabako Errioxako ardoen kalitate handia adierazi eta euskal bikaintasun-produktuak direla aditzera emateaz gain, eskualdeko ezaugarriak balioztatu nahi dira: bertako jendea, klima, lurzorua, kultura... Euskaldun guztion ondarea den milaka urteko legatua.

"Arabako Errioxa: hemen, gurea" kanpainaren bidez, euskal kontsumitzaileen artean eskualdeko ardoaren ezagutza eta kontsumoa sustatu nahi da, kalitate bikaineko produktu propioa den eta ezaugarri paregabeak dituen ardo gisa har dezaten.

 Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitateko eta Industrietako zuzendari Peli Manterolaren hitzetan, kanpaina oso une egokian dator, izan ere,  kontsumitzaileak  argi identifikatu ahal izango ditu Euskadin ekoizten diren ardoak eta, gainera,  jakin ere jakin ahal izango du zer establezimendutan aurkitu gure ardoak, behar bezala seinaleztatuta egongo baitira “Gehiago eta hobeto bereiztearen azken helburuak ekarriko du Arabako Errioxako ardogintzaren sektorea lehiakorragoa izateko bidean aurrera egitea, lurraldearen suspertzea bultzatzea eta sektorea etorkizunean inguruneari eta pertsonei lotuta joatea bermatzea”, gehitu du Peli Manterolak, ardogileak Arabako Errioxako ardoak etiketan identifikatzera gonbidatuta, legeak baimentzen duen eran.

Arabako Errioxa: Hemen, Gurea

ABRAk aurrez egindako beste bi kanpainarekin lotura du oraingo kanpaina honek. Aurreko horietan Barrika Jauna izan zen protagonista, alegia, Arabako Errioxa eta haren berezitasunak irudikatzen dituen kontzeptuzko figura.

Aurten, 2017an, barne-bidaia hori egin eta Euskadin zehar ibili ostean, Barrika Jaunak Arabako Errioxa definitzen duen balio-katalogo bat eratu du.

ABRAren upeltegiek mezu hori jaso dute, eta, Barrika Jaunaren ereduarekin bat eginez, euskal kontsumitzaileari eta Euskadiko ostalaritza-sektoreari helaraziko diete. Sektore horrek, gainera, aktiboki lagundu du proiektu honetan, eta gure preskriptorerik onena da zalantzarik gabe.

Kanpainari honako baliabide hauen bidez lagundu zaio:

- Zurezko barrika-estalkiak, ostalaritza-lokalak, ardandegiak edota intereseko beste negozio batzuk apaintzekoak. Bertan kanpainaren irudia eta eslogana ageri dira, eta, zehazki, hauxe jartzen du: “ARABAKO Errioxako ardo bat, NOSKI”.

- Identifikazio-binilo bat, ardo-tanta alderantzikatuko formarekin, kanpainaren irudia eta eslogana dituena eta lokal kolaboratzaileen kanpoaldean (sarreran) jartzeko dena; honako mezu hau izango duena: HEMEN, GUREA / AQUÍ, EL NUESTRO / HERE, OURS.

- Kanpainaren irudia eta eslogana izango dituzten aurreko mantalak.

- Mezua eta kanpaina hedatzen laguntzeko informazio-txartelak eta partaidetza, bai eta gure webaren (www.barrikajauna.com) bidez lehiaketa batean parte hartzea sustatzen laguntzeko ere.

- Barrika Jaunaren posta-txartel legezkoak.

- Lehiaketa www.barrikajauna.com webean, informazio-txartelen bidez. Parte-hartzaileek Arabako Errioxarekin eta kanpainarekin lotutako galderak erantzun beharko dituzte saria lortzeko, alegia, ardo-botilak lortzeko. Horiek ABRA elkartearen upeltegiek emango dituzte.

- Barrika Jaunaren abenturen bideoak www.barrikajauna.com webean eta eduki aktiboak sare sozialetan: Facebook, Twitter eta Instagramen. Horiek gure etxera, Euskadira, hurreratzen gaituzte, eta, horrez gain, mundurako ateak irekitzen dizkigute.