Argitalpen-data: 2017/04/06
Apirilaren 6a: Jarduera Fisikoaren Munduko Eguna
Euskadiko gazteen ia erdiek kirola egiten dute 3 aldiz edo gehiagotan astero
Apirilaren 6an ospatzen da Jarduera Fisikoaren Munduko Eguna. Hori dela-eta, 15 eta 29 urte bitarteko gazteek egiten duten kirolari buruzko datuak aurkezten ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Datuok lau urtero burutzen den Euskadiko Gazteak ikerketatik datoz. Azken datuak 2016koak dira.
Euskadiko gazteen % 49k kirola egiten dute astero 3 aldiz edo gehiagotan. Portzentaje honek gorakada handia izan du 2012 eta 2016 urteen artean, % 40,2tik gaur egungo zenbakira.
Kirol-jarduera erregularrak gora egin du gizon gazteen eta emakume gazteen artean. Hala eta guztiz ere, haien arteko jauzi nabarmena dihardu: gizon gazteen % 60,3k kirola egiten dute astean hiru aldiz edo gehiagotan; neska gazteen artean, ostera, % 37,2k.

Euskadiko gazteek gehien egiten dituzten kirolak honako hauek dira: futbola, gimnasia mota ezberdinak (aerobica, fitnessa, pilatesa, zumba, etab.) eta korrika egitea. Sexuen arteko ezberdintasunen arrazoia topatzeko futbolari so egin behar diogu. Astean kirola 3 aldiz edo gehiagotan egiten duten gizonen % 33,5ek futbolean jolasten dutela aitortzen duten bitartean, emakume gazteen artean % 5,4 baino ez.
Emakume gazteek, aldiz, neurri handiagoan egiten dituzte gimnasia mota ezberdinak (aerobica, fitnessa, pilatesa eta horrelakoak) gizon gazteek baino. Korrika egiteari dagokionez ere, neska gazteek mutil gazteek baino gehiago egiten dute.

Gazteen inguruko datu gehiago ezagutzeko, kontsulta ezazu Gazteen Euskal Behatokiko webgunearen Estatistikak atala.