Gexan Alfaro 'Lantziri' idazle eta kazetariak bere biografia idatzi du
- DataAbenduak 22
- Gaia Literatura
40 urtean idatzitako bertso eta olerkien hautaketa bat dakar liburuak
Istorio eta anekdota alaietan, eta bertso, kantu eta olerkietan osatu du Gexan Alfaro Lantziri-k bere autobiografia, Elkar argitaletxearekin publikatua. Lantziritik… Etxalaira… jarri dio izenburua. Elkarrek azken 50 urteetako ondare kulturala bildu nahi du eragile eta sortzaile izan diren herritarren bizipenen bidez. Hala azaldu du Peio Etxeberri Aintxart Elkarreko argitalpen zuzendariak. «Erraten den bezala, nora joan jakiteko, nondik etorri jakin behar da». Haren ustez, ezinbestekoa da memoria atxikitzeko.
Alfarok kapituluka banatu ditu bere bizitzako pasarteak, haurtzarotik gaur egun arte, 30 orotara. Azkenekoan, 40 urtez, 1967tik 2008ra idatzitako olerki, kantu eta bertsoen hautaketa egin du. Aintxartek aipatu bezala, eragile politiko eta kultural izateaz gain, sortzaile ere izan baita: bertsolari, kantugile eta idazle, alegia.
Hamazazpi seme-alabaren arteko zazpigarrena da Alfaro. Hala hasi du kontakizuna, Lantziri etxaldeko bizitzara eramanez irakurlea. Bere gurasoen istorio labur bat emateaz gain, hango errutinak eta eginbeharrak azaldu ditu, eta oroimenean dituen umorezko pasarteak kontatu.


