Gatibu: «Gauza berriak egiteko nahia aintzat hartzea espero dugu»

  • "Aske maitte, aske bizi" diskoa kaleratu berri du Gatibuk. Argazkia: Galder Izagirre.

  • DataAbenduak 20
  • Gaia Musika

“Aske maitte, aske bizi” diskoa kaleratu berri du laukoteak, eta, kantu baikorren bilduma koloretsu honek hauspotuta, Euskal Herritik kanpo ahalik eta gehien jotzeko asmoa dute

2002. urtean Zoramena diskoaren bidez alkondarie jantzita euskal musikagintzaren erakusleihoan muturrak sartu zituen taldea helduaroan da. Publikoaren faborea bereganatu du laukoteak, Durangoko Azokan sinadura eta argazki eskean gerturatu zaien zale zaparradak beste behin ere erakutsi duen moduan, lelo itsaskorrez bustitako pop rockaren inguruan bere izaera finkatuta.

“Aske maitte, aske bizi” zazpigarren lanean, nolanahi den, monotoniari ihes egiteko saiakera egin du Gatibuk, zenbait norabidetan pauso batzuk emanda, nola musikalki hala funtzionamenduari dagokionez, eta, besteak beste, sintetizadore soinuz eta musika beltzaren zipriztinez jantzi dituzte berehala garunean iltzatu eta entzulearen belarritik ahora lerratzen diren kantuetako batzuk.

Haiekin hitz egin dugu, “Aske maitte, aske bizi” honetaz eta aurrean ikusten dutenaz.

“Aske maitte, aske bizi” disko honetan ere, zuengan ohikoa denez, asko zaindu dituzue kantuetako leloak. Arreta berezia jartzen diezue kantua eraikitzeko orduan edo kantuak gidatuta heltzen zarete lelora?

Haimar Arejita: Gure ibilbideari apur bat begiratzen badiozu, gure kantuek beti leloa daukatela ikusiko duzu; izan ere, kantuaren egitura klasikoa kontuan hartzen dugu, konposatzeko orduan. Betidanik gehien gustatu zaizkigun kantuek ere horrelako egitura dute, eta horretara ohitu gara, kantu zuzenak egitera.

Disko honetan, dena dela, gauza berriak egiteko saiakera egin dugu, eta jendeak nahi hori aintzat hartzea espero dugu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri