Jabier Muguruza: «Haurrentzako diskoa da, baina doinuak eta letrak ez dira inuzenteak»

  • Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza, Bilbon lehengo astean. / LUISA MENDIA

  • DataAzaroak 21
  • Gaia Musika

Haurrei begira 'Harrien hiztegia' diskoa plazaratu du, Atxagaren olerki berri batzuetan oinarritua. Jendaurreko saio bat bakarra aurreikusi du, eta hura Irunen

Ibilbide luzeko musikaria da Jabier Muguruza (Irun, 1960). 1989an atera zuen lehenbiziko diskoa, 'Ja, ja' zeritzana, haurrentzako diskoa hain zuzen ere, eta gero beste asko etorri dira, hogei bat. Oraingo disko berria ere umeentzakoa da.

Lehenengo pausoa zeuk eman zenuen, ezta? Gogoan omen zenuen aspaldian Nafarroa Oinez-erako Atxagarekin batera egindako kantu hura.

Egia esan, 1989an argitaratu genuen 'Ja, ja' disko hartan ere izan zuen kolaborazio moduko bat Atxagak. Kontua da ez zela ezagutzera eman, baina tartean bera zegoen, bai. Gero, 1992an, zuk aipatu duzun 'Arraroa noski' kantua egin genuen, Nafarroa Oinez-eko abestia. Bide batez esanda, aurten bi bertsio egin dira kantu harenak. Badakizu orain dela urte batzuk Mara Mara atera nuela, haurrentzako diskoak plazaratzeko zigilua. Oraingoan, gogoan horixe neukan: Bernardorekin zerbait egitea. Aipatu nion eta horrela jarri ginen martxan, bai.

Prentsaurrekoan esan zenuenez, osasun-arazo txikiren bat izan zenuen otsailean, eta hain zuzen ere pizgailu moduan ez ote zuen funtzionatu osasun-gorabehera horrek.

Aurrez hitz eginda genuen eta aurrez baiezkoa emana zidan Bernardok, baina otsailean horixe gertatu zen, sustotxo hori. Ez nuen prentsaurrekoan aipatzeko asmorik, baina gero galderaren bat egin zidaten... ez dakit nola sortu zen aipatzea. Kontua izan zen sustotxo hura gertatu eta lehenengo e-maila Bernardorena izan zen, bertan kantu baterako letra bidaltzen zidalarik. Nik seinale edo keinu moduan interpretatu nuen: aurrera egin behar dugu, hau pasako da.

Eta mezu hartan 'Harriaren hiztegia' kantuko letra bidali zizun, beraz.

Horixe bera. Esan zidanez, oso denbora gutxian letra dezente egin zituen, eta diskoan agertzen ez diren besteren batzuk eginak omen ditu. Ez da kontu segurua, baina baliteke noizbait haurrentzako poema-liburuxka ateratzea berak; edo integratzea beste liburu zabalago batean, etxe-egitura izango lukeena, eta gela bat umeentzat, beste bat helduentzat... Hala aipatu zuen prentsaurrekoan. Baina beno, horiek denak proiektuak omen dira.

Eta nolako doinuak egin nahi zenituen diskoari ekin zenionean?

Hori erantzun baino lehen, esango dizut letrekin txoraturik gelditu nintzela. Berak ere esaten zidan e-mailetan zer gustura ari zen testu horiek egiten. Halaxe, martxan hasi nintzen, ez dakit zergatik gitarrarekin. Ez dakit, zeren aspaldi honetan -ez dakit zenbat urte- pianoarekin konposatzen ditut kantuak. Auskalo. Nahi nuen 'Arraroa noski' hartarako eta aspaldiko 'Ja,ja' diskorako erabilitako janzkera: pop-rocka. Beti ere alaitasuna zainduz. Gainera, iruditzen zait gaur egungo neska-mutilak gero eta goizago heltzen direla musika aldetik.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri