Luis Garde: «Omenaldia baino gehiago, isiltasunaren salaketa da»

  • Garde poesiatik eleberrira pasatu da Ezkabako ihesaldia gogorarazteko. / José Usoz

  • DataUrriak 31
  • Gaia Literatura

Luis Garderi eman diote euskal literaturako Euskadi Saria idatzi duen lehen nobelagatik. Bertan, Ezkabako ihesaldia ardatz, oroitzapenari buruzko gogoeta eta kritika azaltzen ditu

Bi kontaera narrazio berean. Iragana eta gaur eguna. Poemak, saiakera laburrak, hausnarketak… Genero askotako piezak aurkituko ditu irakurleak 'Ehiztariaren isilaldia' nobela-puzzlean. Eta horren guztiaren gainetik «memoria eta bilaketa», adierazten du egileak. Poesian aritua da Luis Garde orain arte, baina euskal literaturako Euskadi Saria jaso berri du bere lehenengo eleberriagatik. Bertan, Ezkabako ihesaldia ardatz, oroitzapenari buruzko gogoeta eta kritika azaltzen digu.

Nola sortzen da nobela hau?

Aspaldi nuen Ezkabako presondegiari buruzko zerbait egiteko gogoa. Poema liburu batean bi edo hiru olerki sartu nituen, gai horretan oinarriturik, baina Nafarroaz kanpoko irakurleek seguru asko ez zuten Ezkabako gertakarien berri handirik izango. Ondorioz, poema haiek, niretzat bereziki hunkigarriak, testuingurutik kanpo geratzen ziren, baziruditen benetan zirena baino hermetikoagoak. Bertzalde, hedabideetan etengabe ateratzen hasi ziren gorpuzkinen bilaketen eta ikerketa berrien emaitzen albisteak. Ezkabako historiari ekiteko gogoa, beraz, handituz joan zitzaidan. Ez nuen pentsatu espreski poesiatik nobelara pasatu nahi nuela, historia bera zen nobela formatua eskatzen zuena, behar zuen garapen luzeagatik.

Aldarrikapena edota omenaldia da?

Bi-biak, baina agian lehenagotik du gehiago. Omenaldia alde batetik, infernu haren gizazpiko bizi egoera jasan zuten guztiei, ihesaldian erailda gertatu zirenei, baita hainbat urtez behartutako isiltasunean sufritu zuten senideei, bai frankismopean bai demokrazia garaian. Gehiago du, hala ere, aldarrikapenetik, hain justu isiltasun horren salaketa, instituzio eta alderdi demokratikoak ere konplize izan baitziren jazarpenen biktimen zauriak sendatzeko lanean ez baitzuten deus ere egin. Horregatik aldarrikapenaren sasoia oraindik ez da, zoritxarrez, bukatu.

Gertaeratik urrun kokatzeak hausnarketa egiteko aukera ematen al du?

Bigarren kontaerak, gure garaian kokatzen denak, gertaerak orainaldira ekartzearen funtzioa du, hurbiltzearena beraz. Izan ere, igarotako laurogei urteak urte asko dira, baina zauriak sendatu ezin izateak gertaerak hurbiltzen ditu. Normalean, denborazko distantziak hausnarketa errazten du, idazterakoan ere bai. Baina kasu honetan, narratzaileak idazten duen bezala, ikertzen den historia hori bizirik dago, erregimen demokratikoaren botereek oztopatu dutelakoz zauri horiek eragin zuten minaren sendatzea; horregatik Ezkabako gaiarekin ezin da hartu eleberri historiko bat idazteko behar den distantzia emozionala.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri