Gazte bakoitzak 3,8 sare sozial erabiltzen ditu batez beste Euskadin
Aukeratutako sare sozial motan eta erabileran alde handiak daude adina edo sexuaren arabera
Ziberaktibismoa: gazteen %37,1ek sare sozialak baliatzen dituzte eztabaidak edo salaketak sustatzeko eta zabaltzeko
Gazteen Euskal Behatokiak “Euskadiko gazteak sare sozialetan” txostena argitaratu du. Sare sozialen erabilera, sexuaren edo adin-tartearen arabera gertatzen diren desberdintasunak, ziberaktibismoa, ziberjazarpena edo antzeko gaiak jorratzen ditu azterlanak. Bertan jaso diren datuak inkesta zabalago batetik datoz, Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko lehen hiruhilekoan egin duen “Euskadiko gazteak 2016” inkestatik hain zuzen ere.
Hona hemen txostenak jasotzen dituen emaitza nagusiak:
Ia gazte guztiek erabiltzen dute sare sozialen bat
15-29 urte bitarteko Euskadiko gazteen %99k sare sozialen bat erabiltzen du. Euskadin, 4 sare sozial erabiltzen ditu, batez beste, gazte bakoitzak (zehazki 3,8). Sare horiek egunero edo ia egunero erabiltzen dituztela diotenak bakarrik hartuz gero kontuan, eguneroko erabiltzaileak %97,5 direla ikus daiteke (pixka bat bakarrik jaisten da erabiltzaile guztien ehunekotik), eta erabiltzaile horiek, batez beste, 3 saretara konektatzen dira egunero (2,9).
Euskadiko gazteak gehien konektatzen diren sare sozialak WhatsApp, Facebook, Instagram eta Youtube dira.
Bigarren bloke batean, Twitter, Snapchat eta Spotify daude.
Nolanahi ere, hauek gazteria osoari dagozkion portzentajeak dira, baina alde handiak daude sare sozialen erabileran neska eta mutilen artean, eta baita adinaren arabera ere: bereziki 20 urtez beherakoen eta 20-29 urte bitartekoen artean.
Harremanak izateko eta irudiak partekatzeko sare sozialetan, nesken presentzia mutilena baino handiagoa da
Sare sozial horien eguneroko erabilerari dagokionez, neskek mutilek baino gehiago erabiltzen dituzte egunero Facebook, Instagram eta Snapchat; mutilek, aldiz, neskek baino gehiago erabiltzen dute egunero Youtube. Spotify, Pinterest eta Wattpad-en eguneroko konexioari dagokionez, nesken ehunekoa, berriz ere, mutilena baino pixka bat handiagoa da; aitzitik, Twitter eta Telegramen eguneroko konexioa handiagoa da mutilengan neskengan baino.
WhatsApp-aren atzetik, Instagram-a da 20 urtez azpiko gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala. Adin horretatik gora, Facebook-a erabiltzen da gehien.
Adinari erreparatuta, kolektiborik gazteena da (15-19 urte) honako sare sozial hauek gehien kontsumitzen dituena: Instagram (WhatsApp-aren atzetik 20 urtez azpikoak egunero gehien konektatzen diren sare soziala da), Youtube, Snapchat, Twitter, Spotify, Ask.fm eta Wattpad.
Aitzitik, 25-29 urte bitartekoak dira Linkedln gehien erabiltzen dutenak, eta 20-24 urte bitartekoekin batera Facebook-era gehien konektatzen direnak. Hain zuzen ere, Facebook da (WhatsApp-aren atzetik) 20 urtekoek eta hortik gorakoek egunero gehien erabiltzen duten sare soziala. Laburrean:
- WhatsApp da gehien erabiltzen den sare soziala eta horretan ia ez dago alderik sexuaren edo adinaren arabera.
- 20 urtez azpiko gazteen artean Instagram da bigarren sarea, eguneroko erabileran; adin horretatik gora bigarren toki hori Facebook-arentzat da.
- Snapchat gazteenen sare soziala da; 20 urtetik beherakoen ia erdiek egunero erabiltzen dute; 25 urtetik gorakoak, aldiz, ia ez dira horretara konektatzen.
- Oro har, 15 eta 19 urte bitartekoak dira sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak eta horien artean neskek mutilek baino gehiago.
Gazteak hiru sare sozialetara konektatzen dira, batez beste, egunean. Konbinaziorik gogokoena hau da: WhatsApp, Facebook eta Youtube.
Oro har, gazteenek (15-19 urte) apur bat gehixeago erabiltzen dituzte sare sozialak: batez beste, 3,4 saretara konektatzen dira, egunean. 20-24 urte bitartekoak, batez beste, 3 sare sozialetara konektatzen dira egunean, eta kopuru hori 2,5era jaisten da 25 eta 29 urte bitartekoen artean.
Sare sozialen eguneroko erabileran gehien errepikatzen den konbinazioa hau da: WhatsApp, Facebook eta Youtube (hiruko konbinazioak egin dira, kontuan izanik gazteak, euren esanetan, hiru saretara konektatzen direla batez beste egunero). Gazteen % 23,5 hiru sare horietara konektatzen da egunero.
Aintzat hartuz gero 20 urtetik beherakoak bakarrik, egunero gehien errepikatzen den konbinazioa hauxe da: WhatsApp, Instagram eta Snapchat.
Ziberaktibismoa: Iazko urtean, gazteen %37,1ek baliatu zituen sare sozialak eztabaidak edo salaketak sustatzeko edo zabaltzeko.
Iazko urtean zehar, Euskadiko gazteen heren batek baino gehiagok (% 37,1) baliatu zituen sare sozialak eztabaidaren bat sustatzeko, egoeraren bat salatzeko, gai baten alde agertzeko edo horri buruzko iritzia emateko.
Ziberaktibismoa gero eta handiagoa da adinak, ikasketa-mailak, politikarekiko interesak eta arazo publikoetan parte hartzeko gogoak gora egin ahala.
Ziberjazarpena: sare sozialetako jazarpen-modurik ohikoena WhatsApp taldeetatik botatzea da
Sare sozialak erabiltzeak berekin dakar gaitzespen- edo jazarpen-jokaera batzuk jasan ahal izatea; besteak beste, WhatsApp-taldeetatik botatzea, sare sozialen batean nortasuna faltsutzea edo irudi konprometituak edo iraingarriak zabaltzea. Sare sozialetako jazarpen-modurik ohikoena WhatsApp taldeetatik botatzea da.
Bost gaztetatik batek (%19,6) baieztatzen du WhatsApp talderen batetik bota dutela inoiz. %3,8k dio askotan gertatu zaiola hori, eta gainerako %15,8ak dio noizbait bakarrik gertatu zaiola.
Gazteen % 8,4k dio nortasuna faltsutu diotela inoiz sare sozialen batean: % 0,6ri askotan gertatu zaio hori, eta gainerako % 7,8ari, aldiz, kasuren batean bakarrik.
Eta gazteen % 6,6k dio beste pertsona batzuk bideo edo argazki konprometitu edo iraingarriren bat igo dutela Internetera edo horiek sare sozialetan barrena zabaldu dituztela, beraien baimenik gabe. Berriro ere, % 0,6k dio askotan gertatu zaiola hori, eta gainerako % 6,0ak dio noizbait bakarrik gertatu zaiola.
(*)”Euskadiko gazteak eta sare sozialak” txostena, bere grafiko eta taula eta guzti, atxikitako PDF dokumentuan eskuragarri.
Sare_sozialak_analisia [PDF - 800 KB]


