Ander Odriozolari elkarrizketa


  • DataUrriak 14
  • Gaia Literatura

Ander Odriozola Argoitiak bide bat egina du zinemagintzan. Bingen luzemetraia aurkeztu zuen iaz, Marabilli Festibalean. Gidoilari lana baliogarri izan zaio lehen nobela osatzeko garaian. Freeport (Elkar), plazaratu berri duen eleberria, genero beltz klasikoan kokatzen da

Ondarroako portuan, armadore bat hilik agertuko da. Liburuaren aurkezpenean esan zenuenez, txikitan antzeko egoera baten lekuko izan zinen. Zure haurtzaroan edo gaztaroan bizitakoa, zein neurritaraino eragin du nobela honen idazketan?

Bai, nire haurtzaroko Ondarroa agertzen da Freeporten. Portu arriskutsu eta erakargarri hori. Txikiak ginenean debekatua genuen hara joatea: kamioi erraldoiak leku batetik bestera, karroak goraino kaxez beteta, lurrean amuak eta burdin zatiak... haurrentzat elementu erakargarriak denak, noski. Eta debekua salto eginda, egin ohi genuen bezala, baten, auto bat ikusi genuen aurreko kristalean tiro baten zuloarekin eta gidariaren eserlekua odolez beteta. Tipo bat hil zuten. Freeport-en agertzen den moduan.

Ez nuen jakin nor zen hil zutena, ezta nork hil zuen ere. Badirudi hilketa argitu gabe geratu zela.

Portuan hau ikusita, hurrengo egunean ikastolara joateko desiratzen nengoen klasekideak harrituta lagatzeko kontakizunarekin. Baina ordua ailegatu zenean, ez nuen asko kontatzeko. Ez nuen ez hildakorik, ez hiltzailerik, ezta zergatirik ere. Ez dakit, igual horregatik edo, istorio bat asmatu diodala uste dut gertaera hari Freeporten.

Luter lapurre moduko pintadak, yonkee-ak... 80eko hamarkadakoa garai gogorra eta zaila izan zen. Zeharka bada ere, hori ere islatzen du nobelak.

Bai, 80eko hamarkada gogorra izan zen aspektu askotan. Baina era berean, edo horretxegatik igual, bizipen asko eta istorio potente asko duen hamarkada ere izan zen. Eszenatoki interesgarria istorioak kontatzeko dudarik gabe.

Dena den, aitortu behar dut, idazterakoan kontuz ibili naizela, sasoi hau eta Ondarroako deskribapenak ere istorioaren eszenatoki bezala uzteko. Istorioaren jarraipenari garrantzia kendu barik.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri