Horacio Altuna eta José Ibarrola omenduko ditu Getxoko Komiki Azokak
- DataIrailak 22
- Gaia Ikusizko arteak
Azaroaren 18tik 20ra izango da aurten merkatua
Getxoko 15. Komiki Azokak Horacio Altuna omenduko du, "El loco Chávez" edota "Las puertitas del Sr. López" lanekin nazioarteko arrakasta lortu duen artista argentinarra, hain zuzen ere. Halaber, Azokaren saria ere jasoko du José Ibarrola ilustratzaile, pintore, eskultore eta eszenografo bilbotarra, euskal arte-eszenako erreferentzia-sortzailea.
Horacio Altuna (Córdoba, Argentina; 1941) komiki-marrazkigile ezagunenetariko bat da nazioartean. Oso gaztea zela ilustrazioaren munduan abiatu zen eta 1965. urtean hasi zen jarduten profesional gisa Argentinako aldizkarietan eta Columba argitaletxean, besteak beste Big Norman sailaren eskutik. 70eko hamarkadan, Fleetway eta Thompson argitaletxe britainiarrentzat lan egin zuen eta baita Lanciostory aldizkari italiarrarentzat.
Lehenengo ospeak Carlos Trillo gidoigilearekin eginiko El loco Chávez lanaren eskutik ailegatu zitzaizkion, Buenos Aireseko Clarín egunkarian 1975etik 1987ra argitaratu zen komiki-banda. Bikotearen arrakasta ez zen hor gelditu eta jarraian Argentinako hainbat komunikabidetan agertu ziren sailak egin zituzten. 1982. bere herria utzi eta Espainiara etorri zen bizitzera. Bertan, Toutai Editor argitaletxearekin hasi zen bere lanak argitaratzen eta, 80ko hamarkadaren amaieran hasita, Playboy aldizkariarentzat sinatuko zituen istoriotxo erotikoak 12 urtez. Lan horietan emakumezkoaren gorpuzkera maisutasunez marraztu zuen.
Bere lan ospetsuen artean honako hauek nabarmendu behar dira: Las puertitas del sr. López¸ Charlie Moon, Merdichesky¸ El último recreo eta Tragaperras (horiek guztiak Trillorekin elkarlanean eginikoak). Bakarrean eginiko lehenengo lana Ficcionario (1983) izan zen. Lan horrek trilogia osatzen du Chanceseta Imaginario komikiekin eta guztietan, gai-soziala da ardatz nagusia eta egungo gizartea aztertzen da ikuspegi kaustikoa erabilita eta etorkizuneko estetikaz jantzita. 50 urteko ibilbide profesionalean, hainbat sari eskuratu ditu Altunak, esaterako Yellow Kid saria eta Bartzelonako Komiki Azokaren Sari Nagusia (2004). EleaHelena argitaletxearentzat ilustrazio-liburua egin du eta baita kartelak, liburu-azalak eta publizitate-material ugaria ere.
José Ibarrola
José Ibarrola (Bilbo, 1955) ilustratzaile lanetan hasi zen 1975. urtean. Egunkari eta zenbait argitalpenetan kolaboratzaile aritu da, esaterako La Gaceta del Norte, Tribuna Vasca, Información, El País, Telebista, Bizkaia Maitea, Arbola, Bilbao, Reverso eta El Correon, besteak beste. Halaber, lau komiki-album egin ditu: La piedra dormida, Alfil negro, Cuando canta la serpiente eta Orfeo, Compañía Monteverdi. Horrez gain, narrazio-grafiko laburrak egin ditu Pamiela eta Cimoc-entzat eta 80ko hamarkadatik ilustrazio eta pintura lanak uztartzen ditu antzerki, zine eta telebistarako eszenografiarekin eta baita erakusketa tematikoen diseinuarekin eta ekitaldien zuzendaritza artistikoarekin ere.


