Sei film lehiatuko dira IV. Sebastiane Latino saria eskuratzeko


  • DataUztailak 11
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Gehituk ematen du saria, sexu- eta genero-aniztasuna ondoen adierazten dituen filmari aitortza egiteko
 
Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan, GEHITU Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak ematen duen Sebastiane Latino sariaren film irabazlea ikusi ahal izango da. Aurreko urtean estreinatutako Latinoamerikako filmen artean, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen filmari ematen zaio saria.

Sebastiane Latino sariaren epaimahaia GEHITU elkarteko kideek osatzen dute. Aurten, honako film hauek aukeratu dituzte finalista: Amores urbanos; Mãe só há uma; Nunca vas a estar solo; Rara; Santa y Andrés, eta Uio: sácame a pasear. Finalista hautatu dituzten sei film horietatik, lau emakumezkoek zuzendutakoak dira.

2015ean, Marcos Berger zuzendariaren Mariposa filmak irabazi zuen Sebastiane Latino saria. Argentinako ekoizpen hori Zabaltegirako hautatu zuten, Berlinaleko Panorama sailetik igaro eta gero. Iaz, transexualitatea izan zen gehien landutako gaia; aurten, aldiz, nerabeen ikuspuntua da nagusi.

Aurtengoa sari honen laugarren edizioa izango da. Berretsi egiten da, horrela, Donostia Zinemaldian Latinoamerikako zinemari ematen zaion babesa, Zinemaldiak Latinoamerikako ekoizpena babestea izan baitu beti ezaugarri nagusietako bat. Zinemaldiaren hurrengo edizioan, film irabazleari saria banatzeaz gain (18an jakinaraziko da zein den irabazlea), Iberoamerikako LGBT Zinema Jaialdien 2. Topaketa egingo da.

     

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri