Esther Ferrer diziplina anitzeko sortzaileari eman dio Donostia 2016k bere hiru karta zurietako bat, eta otsailean eta apirilean ekintza bana gauzatu ondoren, uztailaren 2an aurkeztuko du artista donostiarrak Hiriburutzaren programa aberasteko pentsatu duen azken ekarpena: 2.856 izeneko performancea.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) plazaratutako azken zifren arabera, 2.856 etorkin ito dira Mediterraneoan 2016. urtean, Europara iritsi nahian (ekainaren 10ean argitaratutako datuak). “Heriotza horien albisteak irakurtzen ditugu hildako horiek anonimoak, izengabeak, kopuru huts bat, izango balira bezala; 2.856, zenbaki bat”, dio Ferrerrek. Horregatik beragatik, banan-banan zenbatuko ditu larunbatean, 1 zenbakitik hasi eta 2.856ra heldu arte. Artistak deia luzatzen die herritarrei ekintzarekin bat egitera animatu daitezen.
“Beharbada, letania triste hau errezitatuta gai honek gehiago kezkatuko gaitu; beharbada, gure mobilizazio-gaitasuna handitu egingo da Europak emigrazioaren aurka ezarritako politikak aldatzea lortzeko” - horixe da Ferrerren helburua performance honekin.
Jendaurreko zenbaketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Konstituzio plazako arkupeetan (Liburutegi Nagusiaren parean). Partaide izan nahi duten herritarrak 16:30ean bertaratu beharko dira.


