Ibilki: Frank Suarez-i elkarrizketa
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Senpereko, Hendaiako, Bidarteko, Donibane Lohizuneko eta Mauleko Herriko Etxeak, Garazi Baigorri eta Errobi herri elkargoak, bai eta Biarritz Culture, Larresoroko Ote Lore eta Hazparneko Eihartzea elkarteak bildu ditu, Ipar Euskal Herri mailako euskarazko antzerkiaren hedapen sare bat: Ibilki. Hau dela eta Frank Suarez-ekin (egitasmo arduraduna) hitz egin dugu.
Zer da Ibilki? Zein dira bere ezaugarri nagusiak?
Ibilki ekimenaren bitartez, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) euskarazko antzerkiaren hedapena sustatzen du Iparraldeko hiru probintzietan, Laurpi, Behe Nafarroa eta Zuberoa. Urtez urte, programatzaile sare horren parte hartzaile kopurua gero eta haundiagoa da, euskal antzerkiaren aldeko benetako engaiamendua erakutsiz. EKEk Senpereko, Hendaiako, Bidarteko, Donibane Lohizuneko eta Mauleko Herriko Etxeak, Garazi Baigorri eta Errobi herri elkargoak, bai eta Biarritz Culture, Larresoroko Ote Lore eta Hazparneko Eihartzea elkarteak bildu ditu, ipar Euskal Herri mailako euskarazko antzerkiaren hedapen sare egonkor baten sortzeko asmoz. Oraingoz, programazioan hamar egiturek parte hartzen dute EKEk bultzatu eta animatu IBILKI deitu egitasmo honetan. Denen artean, antzerki sorkuntzetaz iritziak trukatu eta beren ahalak eta gaitasunak elkartzen dituzte. Halaber, komunikazio plan amankomun bat plantan ezartzen da ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkiaren garapenaren alde. Bukatzeko, aukerak badirelarik eta bakotxaren heinean, mediazio tailerrak plantan ezartzen dira toki desberdinetako ikastetxeekin eta publikoekin.

Bere sorrerari dagokionez, nolakoa izan da prozesua? Zein dira parte hartzen ari diren eragileak?
2013 urtean jadanik, gure lurraldeko programatzaileak Petit théâtre de pain, Artedrama eta Dejabu panpin laborategia konpaniek sortutako « Hamlet » antzezlanaren inguruan biltzea nahi izan zuen EKEk, lehen sare baten antolatzeko. Orduan 6 egitura hedapen saio horretan parte hartu zuten. 2014-2015ean Dejabu Panpin Laborategiaren "Arrastoak" obra Iparraldean ibili zen eta 2015-2016 sasoian Huts Teatroaren "Etxekoak" lana gure hiru probintziak zeharkatu egin ditu.
Zein dira emango diren lehen urratsak?
Orain arte aukeratu konpaniak zuzenki identifikatzen ziren EKE eta programatzaileen eskutik deialdi zabalarik gabe. 2016eko martxoan EKEk IBILKI deialdia zabaldu egin du eta 15 proposamen jaso Euskal Herri osotik, maila oso onekoak. Azkenean, eztabaida luze batzuen ondotik Bilboko Atx Teatroaren «Fakiu» obra aukeratu da Iparraldeko zirkuitu horretan aurkeztua izateko 2016-2017 sasoian.
Non daude premia edo beharrizan handienak?
Euskarazko antzerkiaren hedapena sostengatzea lurralde mailan. Euskarazko antzerkiari dinamika berri bat ematea. Euskarazko antzerkiaren publikoa arraberritzea eta garatzea. Lurralde honetako euskarazko antzerki programatzaileen sarea osatzea eta egonkortzea.

Eta non jarri behar da erdietsi daitezkeen lorpenen muga?
Ahal bezain bat programatzaile bildu Ibilki sarean programazio gero eta aberatsagoak eskaintzeko bai publiko zabalari baita ere ikasleeri, mediazio ekimenak proposatuz aurkeztutako obren eta publikoen artean.
Zer-nolako harrera izan du proposamen honek kultur eragileen aldetik?
Oso baikorra izan da elkarren arteko trukaketak, ahalak eta gaitasunak garatzeko baita ere euskal antzerkiaren eskaintza hobe ezagutzeko.
Etorkizunari begira, zein izan daitezke euskarazko antzerkiaren aukerak Iparraldean?
Ikusgarritasun haundiagoa eta bide beretik zaletasun gehiago Iparraldeko xoko gehienetan.


