Iñigo Aranbarriri elkarrizketa


  • DataMaiatzak 27
  • Gaia Literatura

Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen egunaz hitz egin dugu

Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna izeneko saioa aurkeztu zuen martxoan Iñigo Aranbarri idazleak, Pamiela etxearen eskutik. Aranbarrik bi ertzetatik heldu dio aurrez Apirila eleberrian jorratu zuen garai bati, Ilustrazioari. Batetik, 1766an Azkoitia eta Azpeitian gertatutako matxinadak, bestetik, urtebete lehenago estreinatu zen antzerki bat, El borracho burlado, Peñafloridako kondeak idatzia.

1766ko gertakarietara jo duzu berriz. Apirila eleberriarekin ez zinen ase?

Fikzio aldetik egin nahi nuena egin nuen, baina baneukan beste ezpal bat, esan nahi nituen beste gauza batzuk. Beraz,Apirila idazteko bildu nuen dokumentazioa hartu, El borracho burlado eta abarren inguruan neukan informazioa hartu eta hortik atera da hau.

Zergatik interesatzen zaizu hainbeste?

Alde batetik, gure historiaren alderdi ilun bat delako. Ilunak esan nahi du, ez siniestroa, baizik eta ez dena argitaratu. Ezkutuan eduki da, argi eta garbi, arrazoi sozial eta politikoengatik. Bestetik, herriko istorio bat da, Azkoitikoa, eta nik badakit zer den urtero-urtero bizitzea Peñafloridako kondearen ez dakit zer, Baskongadoen elkartearen beste hura... Historiaren izaera poliedrikoa betetzeko, beste aldeak ere agertu behar zuen, eta jende baxuarenak.

Gainera, ezinbestekoa da paralelismoa. Hori argi ikusi da: dezenteko jakin-mina piztu da herrietan. Jesuita batek bere goikoari Madrilera idatzi zion bezala, garai hartan, jendea nekez iristen zen ogia erostera, lan eginda ere. Gaur egun, gazte askori gertatzen zaie hori. Nahiz eta orain dela 250 urteko gertakizunak izan, paralelismoa ezinbestekoa da eta jendeak hori ikusi du.

Esan duzu, Apirila amaituta ere, gauzak zeneuzkala esateko, oraindik.

Alde batetik, matxinadaren kronika bat egin nahi nuen, Tolosako artxiboan aurkitu ditudan dokumentu historikoak erabilita. Bestetik, Ilustrazioko antzerkiaren irakurketa ideologiko bat egin nahi nuen. Hizkuntza aldetik aztertu da, baina ez hainbeste ideologiaren aldetik: ikusi nahi nuen zer dagoen antzerki horren azpian, El Borracho BurladoLe Grand Tour eta halako antzerkien azpian. Azken batean, oso antzerki klasistak dira, behekoari egiten zaio barre. Azkenik, hor neukan Arestiren poema ere, biribiltzeko. Erakusten du nola luzatu den istorio hau guztia, XX. mendean ere.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri