Joxean Agirreri elkarrizketa


  • DataApirilak 29
  • Gaia Literatura

Parodia kutsuko nobela plazaratu du: Gizajoen katalogoa (Elkar)

Gizonezko protagonistak urteak eman ditu liburu saltzaile lanetan. Idazteko grina piztuko zaio eta literatura-tailer batean emango du izena. Irakasle emakumezkoaren maitasuna lortzearren, eleberri bat idazten hasiko da, bera bezalako gizajoen pasadizoak bilduz, eta argumentu bat sortu ezinik, autofikzioaren bidezidorretan abiatuko da. Parodia moduko eleberria gorenera iritsiko da Joxean Agirre eta Kirmen Uribe izeneko idazleak protagonista gisa agertzen direnean.

"Komedia bat da, neurri handi batean. Protagonistak badu gizajotasun bat, komediarekin lotu daitekeena". Zure hitzak dira horiek. Komedia kutsuko endredoa. Hori ere, definizio egokia izan zitekeen.Ramon Saizarbitoriak, ordea, parodia hitza du nahiago. “Parodia, parodia, hori da erabili behar duzun hitza”. Halaxe entzun genion, prentsaurrekoa amaitu berritan zuregana hurbildu zenean. Hara zer dioen hiztegi entziklopedikoak: PARODIA iz. 1. LIT. Idazle baten estiloaren edo literatur lan baten imitazio trufagarria. 2. (hed.) Edozein gertakariren imitazio iraingarrinahiz barregarria. Bigarren adieraren bila jo dut hiztegira, baina lehen adierak txundituta utzi nau. Zure nobela honetarako propio idatzia dagoela dirudi.

Arrazoi du Saizarbitoriak. Testu parodiko bat dela esanda hobeto definitzen da nobela. Gogoan dut Zwei Frauen-en sarrerako aipu gisa Félix de Azuaren paragrafo luze bat jarri nuela, “Toda novela moderna está más próxima a la caricatura que al retrato y es muy escasa la narración interesada en reproducir el estado de las cosas con seriedad”, hasten da eta Flaubert, James, Kafka eta Dickens aipatzen ditu.  Kontua da, ordea, parodia, fartsa eta gisako kontzeptuak ilun samarrak direla askorentzako eta komediak, berriz, endredo komediak bereziki, mundu guztiak ikusi dituela telebistan eta argibide bat emate aldera erabili nuela genero dramatikotik hartutako adibidea. Baina, erretiratuta ere berdintsu zait.

Zure hiztegikoari erantzunez, ez dut uste nik idazle jakin baten imitazio trufagarririk egiten dudanik, idazle topiko baina asmatu baten parodia baizik.

Liburu saltzaile ohi bat da nobelako protagonista. Jubilatuta dago eta literatura ikastaro batean emango du izena. Irakaslea emakume gazte bat da eta idazteko sena duela adieraziko dio protagonistari. Argudioaren lehen haria baino ez da. Endredoa askoz konplikatuagoa baita azaltzen. Baina beste behin ere, metaliteratura, sexua, sugestioa, umorea… ageri dira zure nobelan. Azken nobeletan agertzen diren osagaiak. Honez gero, zure idazkeraren adierazgarri direla esan daiteke, ezta?

Metaliteratura beharbada aurrekoetan baino gehiago, literaturari buruzko hiztegi bat sartzera ausartu naizelako, ‘E’ letraraino bakarrik sartu badut ere, berehala ohartu bainintzen kontakizuna bera zapaltzen zidala. Hiztegia literaturari eta idazleei (idazle batzuei, noski) buruzko anekdotarioa da neurri handi batean, pasadizo eta xehetasunak biltzen ditu eta taberna batean edonorekin hizketan ari zarela hitzetik hortzera erabiltzeko modukoak direla uste dut eta asmo horrekin egin nuen behintzat bilketa. Aspaldi ohartu nintzen bertsolariei edadetuei, Joxe Agirre, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano eta abarri, elkarrizketa egitera joan eta erantzun bakoitzeko bere aurreko bertsolariren baten pasadizo, kontu xelebre edo adibideren bat aipatzen zutela, argigarri moduan. Horrelako zerbait egin nahi izan nuen baina maite ditudan idazleak erabilita.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri