Jon Garaño: «Aspaldidanik egin nahi genuen Altzoko Handiaren filma»

  • Jon Garaño eta Aitor Arregi dira filmaren zuzendariak

  • DataApirilak 11
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Moriarti, besteak beste “Loreak” filmaren atzean dagoen ekoiztetxea, bere hurrengo proiektuan buru-belarri ari da lanean. Gaur hasiko dira “Altzoko Handia” pelikula filmatzen

Gaur hasiko da Moriarti ekoiztetxeko lantaldea, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak buru direla, “Altzoko Handia” pelikula filmatzen, XIX. mendean Tolosaldeko herrian jaio eta bizi izan zen 2,42 metroko gizasemearen istorioa pantailaratzeko lanean.

Migel Joakin Eleizegiren istorioak aspaldi piztu zuen Jon Garaño (“Loreak”, “80 egunean”…) zinemagilearen arreta, eta, hainbat bueltaren ostean, gaur hasiko dira kameretan jasotzen, EiTBren parte hartzearekin, han-hor-hemen atrakzio gisa erakutsitako altzotar erraldoiaren istorioa.

Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariekin hitz egin dugu.

Zerk erakarri zintuzten Altzoko Handiaren istoriotik? Zerk bultzatu zintuzten istorioa film bihurtzera?

Jon Garaño: Istorioa aspaldidanik zegoen Moriartiren agendan. Aspaldidanik esan izan dut pertsonaia horren inguruan pelikula bat egitea interesgarria izan zitekeela, baina bazkideek ez zuten istorioa argi ikusten.

Urte batzuk pasatuta, proiektua hobeto garatu eta aurkeztu nien, egokia izan zitekeela pentsatu zuten eta lantzekotan gelditu nintzen, baina, beste proiektu batzuetan murgilduta nenbilenez, ezin izan dut lehenago egin.

Bien bitartean, Irusoinen, Altzoko Handia pertsonaiaren inguruko gidoi bat jaso zuten, Andoni de Carlosen eskutik. Berak animaziozko filma egin nahi zuen, umeentzat, eta guk ez, baina antzekotasun batzuk ikusten genituen. Orduan, irudi errealeko filma egitea proposatu genion, eta hori garatzen aritu gara urte askoan.

Migel Joakin Eleizegi 2,42 metroko gizona zen, eta, esan gabe doa, erronka da horrelako gizon bat edo duela 150 urteko Euskal Herria pantailaratzea. Zer baliabide erabiliko dituzue hori guztia pantailara eramateko?

Aitor Arregi: Bai, jakina: hori da filmaren erronka handienetakoa. Ez dago 2,42 metro neurtzen duen aktorerik, noski, eta are gutxiago aktore euskaldunik.

Pertsonaia sortu egin behar izan dugu, beraz, efektu digitalak, efektu optikoak eta era guztietako trikimailuak erabiliz.

Hala ere, ez da komeni dena azaltzea, honen guztiaren magia galdu egin daitekeelako.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri