Pharrell Williams Biarritzeko Big Festival jaialdian arituko da

  • Pharrell Williams

  • DataApirilak 5
  • Gaia Musika

Besteak beste, The Kills, Cassius, Synapson, Woralks eta Claptone taldeen emanaldiak ere iragarri dituzte gaur. Sarrerak apirilaren 8tik aurrera egongo dira salgai

Itxura ederra hartzen ari da Biarritzeko Big Festival jaialdia. Duela aste batzuk iragarri genuen, besteak beste, The Chemical Brothers, The Prodigy eta The Libertines arituko direla aipatu jaialdiaren zortzigarren edizioan, eta gaur jakin dugu Pharrell Williams musikari eta ekoizle estatubatuarra ere hantxe izango dela, uztailaren 7tik 9ra.

Williamsek abesti andana idatzi eta ekoitzi du Michael Jacksonentzat, Madonnarentzat, Britney Spearsentzat, Kylie Minoguerentzat, Shakirarentzat, Mikarentzat, Snoop Doggentzat, Justin Timerlakerentzat, Backstreet Boysentzat, Jay-Zrentzat, The Hivesentzat, Missy Elliottentzat eta Gloria Estefanentzat. Halaber, "Happy" abesti entzutetsuaren egilea izateagatik ere bada ezaguna.

Dena den, Williamsen zuzenekoa ez ezik, beste hainbat emanaldiren berri ere eman dute gaurkoan: The Kills, Cassius, Synapson, Woralks eta Claptone, adibidez.

Kontzertu horiek hiru agertokitan banatuko dituzte: Big Liven (Aguilera Estadioan), Big Chapiteaun (Cote des Basquesen) eta Big Boiten (Halle D'Iratyn), hain justu. Hala, Pete Dohertyren taldea eta The Prodidy uztailaren 15ean igoko dira oholtzara. The Chemical Brothersek, Pharrell Williamsek eta Feu!-k, ostera, uztailaren 16an aseko dituzte jarraitzaileen nahiak. Horiek guztiak Big Live agertokian izango dira.

Bestalde, Big Villagek doako emanaldiak hartuko ditu. Bertan, familia osoari zuzendutako egitaraua antolatuko dute, besteak beste, kirol-ekintzak, surf ikastaroak eta jolasak barne hartzen dituena.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri