En Tol Sarmiento (E.T.S.): «Falta zitzaigun azken pausoa eman eta abesti guztiak euskaraz egin ditugu»


  • DataMartxoak 16
  • Gaia Musika

Ekorako E.T.S. taldeak Beldurrik ez disko berria aurkeztuko du datorren larunbatean Jimmy Jazz aretoan. Diskoa Durangoko azokan aurkeztu zuten eta orduan taldeko abeslari Iñigo Etxezarretarekin hitz egiteko aukera izan genuen Alea FM irratsaioan

En Tol Sarmiento (E.T.S.) Ekoran sortu zen 2005. urtean. 18 urte baino gutxiago zituzten orduan eta musikaren inguruan ideia argirik ez.  Denborarekin, Euskal Herriko ska talde ezagunenetarikoa izatea lortu du boskoteak. Aurtengo Durangoko azokan haien disko berria aurkeztu zuten, Beldurrik ez, eta datorren larunbatean aurkeztuko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (Aleak sarrerak zozkatuko ditu). 

Iñigo Etxezarreta E.T.S taldeko abeslaria AleaFM irratsaioan izan zen aurreko urtarrilean.

Zeren beldur da E.T.S.?

Ezin dugu esan ez diogula ezerri beldurrik. Guztiok daukagu beldurra zerbaiti. Konturatu ginen egiten ditugun gauza gehienak beldur oinarri bat daukatela, hau da, beldurrak gure ekintzak mugitzen dituela. Ideia horrekin sortu genuen CD-aren izenburua. Azken lan honetan zazpi abestiekin zazpi beldur egoera desberdin azaldu ditugu. 

Zeintzuk dira disko berri honen nobedadeak?

Lehenik eta behin diskoa motzagoa da, zazpi abesti ditu. Bestetik, abesti guztiak euskaraz dira. Egin genuen lehenengo maketan abesti gehienak gazteleraz ziren. Hori aldatzeko saiakera handia egin dugu eta azken disko honetan falta zitzaigun azken pausu hori eman dugu. Horrez gain, abestien apaindura guztiak landu ditugu eta azkenean soinu gogorragoa edo rockeroagoa lortu dugu.  

Euskara hutsean egindako diskoa da, baina nolako esperientzia izan da kontuan hartuta taldekide guztiak ez direla euskaldunak?

Ni duela urtebete hasi nintzen euskara hutsezko diskoaren ideiarekin bueltaka. Taldekideek esaten zidaten disko guztia euskaraz egitea gehiegizkoa zela, hizkuntza berak ez zituelako taldekide guztiak definitzen. Esan bezala gehienak ez dira Euskal Herrikoak. Bat Logroñokoa da, bestea Extremadurakoa… eta azkenean kontua horrela geratu zen. Geroago, lehenengo diskoarekin Araban eta Bizkaian jotzen hasi ginen eta taldea aldatu egin zen. Haiek naturalki bizi izan dute garapen hori. Orduan haiek esan zidaten aurrera egiteko, prest zeudela euskaraz abesteko eta falta zitzaigun azken pausoa emateko. 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri