Mikel Prieto: «Nahiz eta eskritura bat ikusi zerri eginda, ez bota»
- DataMartxoak 7
- Gaia Literatura, Ondarea
1964an argitaratutako 'Harri eta herri' poemategian agertzen ez diren Arestiren bi poema aurkitu ditu Mikel Prietok, aspalditik zeukan «botatzeko moduko karpeta» batean
Orain dela zortzi urte, Arantxa Sesé hil zen Donostian. Ramón Mª Camiñaren alarguna zen. Ez zuten seme-alabarik izan eta etxeko liburutegia sakabanatu egin zen. Hango liburu eta paper batzuk Mikel Prieto (Donostia, 1959) ikertzaileari iritsi zitzaizkion. Tartean bazen plastikozko karpeta bat, barruan Gabriel Arestiren ‘Harri eta herri’ poemategiaren gaztelaniazko bertsioa zekarrena, mekanografiatuta. Eta bertan, ezusteko handia: karpeta hori 1964an Itxaropena etxeak publikatutako ‘Harri eta herri’ baino osatuagoa zen, bi poema gehiago zituen. Donostiako Luberri institutuan ari da lanean Prieto, eta erlezaina ere bada.
Aurkikuntza handia Gabriel Arestiren karpeta horrena
Izan da kalean billete bat topatzea bezalaxe. Alde horretatik, ez dut inolako meriturik. Urteetan eduki dut etxean zeren, ikusten duzun bezala, botatzeko moduko karpeta plastikozko zikin bat dirudi. Baina zer gertatu zen? Aldamenean beste liburu moduko hau zegoela, ireki nuen eta hara non ikusten dudan emigrante baten autobiografía dela, ni-ka idatzia. 1860-1911 epean bizitutako José Domingo de Uribe bizkaitar baten autobiografia. Hau idatzi pertsonala da eta familiari itzuli behar zitzaiola iruditu zitzaidan. Ikusi dut Ramón MªCamiñaren aitonaren anaia dela eta nire asmoa da harremanetan jartzea Camiñatarrekin.
Nire lana izan da egiaztatzea Arestiren lan hau benetakoa zela. Horretarako, mugimendu eta hausnarketa batzuk eginak nituen, baina aurrerago nola egin ez nekien, eta aurreko udan erabaki nuen berriro gaiari heltzea eta Euskaltzaindira deitu nuen. Esan zidaten han ez zegoela Arestiren jatorrizko olerkirik. Eta ea ba al zeukaten Arestiren bestelako eskuizkriburik, eta baietz. Bidali zidaten, eta irakaslearen dohainetako bat izaten denez ikasleen letrari antz ematea, faltsifikatu duten edo ez jakiteko… garbi asko ikusi nuen karpeta-azalean azaltzen den ‘Gabriel Aresti’ hori hark idatzia dela. Hori bat, eta gero bigarrena: konparatu nuen karpetako testua eta 1964an Itxaropena etxearekin kaleratutako ‘Harri eta herri’-koa, eta segituan ikusi nuen karpetan zetozen bi olerki falta zirela gero liburuan. Ibon Sarasolak esan duenez, Arestik aldiro-aldiro harritzen zituen berarengana joaten zirenean, eta orain ere harridura eta sorpresa eragin du.


