Ben Sharrock: «"Pikadero" ez da entretenimendu hutsa»


  • DataMartxoak 4
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

“Pikadero” Ben Sharrock eskoziarrak zuzendutako pelikula gaur helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista euskarazko film honek

Krisi gaitzizen eufemistikoaren mozorropean saldu nahi izan diguten iruzur anker eta lukurreria jarraitu honen ondorioak arlo guztietara zabaldu dira, mila besoko munstroa bailitzan; nora jo, han aurkitzen ditugu efektuok, errukirik gabe. Atzean utzi ezinezko itzal bihurtu zaizkigu beste batzuen lapurreten zamak, nola, noski, kontsumoarekin lotutako eremuetan (elikadura, osasuna, argindarra…) hala eguneroko bizimoduan, besteekin harremanak ezartzeko moduetan berbarako.

“Pikadero” Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu duen eta gaur, ostiralarekin, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko den filmak ere ideia hori azpimarratzen du, eta istorio zinez gertukoa kontatzen du Arratian filmatutako pelikulak: egoera ekonomikoaren gatibu, gurasoen habia utzi ezinik dabilen bikote gazte batek arazo larriak ditu gurasoen etxean “bikote-eginbideak betetzeko”. Elkarrekin lasai egoteko gero eta gogo handiagoz eta hotel bat ordaintzeko dirurik gabe, toki publikoak bilatu behar dituzte elkarrekin egoteko: "txortalekuak". Haien arteko harremana kolokan geldituko da amiltzen ari den ekonomia batetik askatzen saiatzen direnean.

Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailetik pasatu eta gero “Pikadero” zinema aretoetan estreinatuko den egunean, Sharrockekin hitz egin dugu, pelikulaz, egoera ekonomikoak ezartzen dituen estutasunez, komunikazioaz eta beste hainbat konturi buruz.

“Pikadero”ren oinarria elkarren arteko harremana garatu ezinik bizi diren bi gazteren istorioa da, eta, bide batez, pairatu dugun ebaste bidegabearen ondorioetako batzuk pantailaratu dituzu. Aldatu ote du herstura ekonomikoak gure artean komunikatzeko modua?

Hara! Galdera zaila. Egia esan, teknologiak gure arteko harremanak horrenbeste aldatu dituenez, ez dakit krisi ekonomikoak ere horrekin zerikusirik izan duen. Baina gauzak are okerrago jartzera, plastikozko edalontzien eta hariaren garaira itzuli beharko dugu, agian!

Serio jarrita, horrenbeste jende jaioterritik oldeka alde egin izanak distantzia luzeko harreman asko eragingo zituela uste dut, eta, nahiz eta bikote harremanak ez izan, lagunekiko eta senideekiko komunikazioa distantzia luzekoa izaten da askotan.

Zaila izan liteke hori; eskerrak Whatsapp eta Skype dauzkagun!

Zer eragin izaten du oro har gure egoera sozioekonomikoak besteekin harremanak ezartzeko eta bideratzeko orduan?

Krisi ekonomikoaren ertz nagusietako bat Euskal Herritik eta Espainiatik joandakoen exodoa da. Horren ondorioz, harreman batzuk hautsiko ziren, eta beste batzuek aurrera egitea nekezago bihurtu. Horrek zaildu egiten ditu gauzak.

“Pikadero”n, noski, muturrera eraman dugu egoera hori, baina sentimendua benetakoa da: joan diren guztiek ez zuten joan nahi.

Gazte batzuk indar handiagoz borrokatzen dira karreraren alde erlazio baten alde baino, eta, hortaz, harreman horietako batzuk hasi ere ez dira egiten. Erlazioa hasitakoan ere, gainera, gazteak luzaroago bizi izaten dira gurasoen etxean, eta horrek presioa handitu besterik ez du egiten: bikotekideek ezin izaten dute bakarrik egoteko eta independentzia lortzeko urratsik egin.

Elkarrekin bizitza bat eraikitzea funtsezkoa da bikoteentzat, eta krisia kalte egiten ari zaio hori lortzeko aukerari.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri