Topaguneak antolaturiko Laburbira: Talentua badago

  • Eriz Alberdiren Brunilda film laburreko fotograma

  • DataOtsailak 23
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Etzi hasiko da Topaguneak antolaturiko Laburbira, Hernanin. 27 herri bisitatuko ditu film laburren zirkuituak. Euskal zinemagile hasiberrientzako aukera paregabea da, haien lanak zabaltzeko erakusleihoa baita. Haien artean daude Alberdi, Azkoitia, Mateo eta Urkiola, sortzaile gazteen harrobiko lau ordezkari.
 
«Film laburra apustu pertsonala izaten da»

Eriz Alberdi Zinemagilea

Michel Gaztanbidek Donostiako Larrotxene kultur etxean egindako gidoi ikastaro bati esker izan du Eriz Alberdik (Bilbo, 1979) bere lehen film laburra zuzentzeko aukera. «Brunilda-ren ideia orokorra da bakoitzak bere zailtasunen eta beldurren artean irtenbidea nola bilatzen duen. Protagonistak bere barnean du soluzioa, imajinazioan».

Aktore lanetan eskarmentua duen arren ?AnderGoenkaleNasdrovia Chejov...?, lehen aldiz jarri da kameraren atzean: «Oso esperientzia polita izan da; oso gustura sentitu naiz, konfiantzarekin». Zuzendari hasiberria zarenean, ez da erraza aktoreak lortzea, eta horregatik, lagunengana jo du, «konfiantzazko botoa» errazagoa delakoan. Adiskideak bai, baina aktore profesionalak guztiak: Asier Oruesagasti, Naiara Arnedo, Miren Gojenola... «Oso erraza izan da haiekin lan egitea». Aktorea izanik, kameraren aurrean duen esperientzia lagungarria izan dela uste du zinemagile bilbotarrak: «Bestearen lekuan jartzea errazagoa da ofizioa ezagutzen baduzu».

Ez da erraza film labur bat egiteko dirua biltzea, eta ezinezkoa izan ohi da aktoreei edo talde teknikoari ordaintzea. «Film laburrei dagokienez, norberak bere poltsikotik jarri behar du dirua; apustu pertsonala izaten da».

Larrotxenek filma banatzen lagundu duen arren, lan handiena berak egin duela aitortu du Alberdik: «Lekeitiora eraman nuen, Durangora, Laburbirara... Apustua pertsonala bada, denbora gehiago ematen duzu, baina kasu honetan gurea baino gehiago Larrotxenearena da, ni zuzendari moduan inplikatu naizen arren».

Euskal Herrian talentua badago, Alberdiren aburuz, eta Moriarty bezalako ekoizpen etxeen lana lagungarria izango da hasiberrientzat: «Loreak eta Amama filmak ate asko irekitzen ari dira; garrantzitsua da egiten ari diren lana».

Dauden zailtasunak ikusita, garrantzitsutzat ditu Laburbira eta halako egitasmoak. Euskal Herrian ez ezik, Parisen ere izango da zirkuitua: «Hainbat herritan ikusteko aukera ematen digu; nire lana Parisen ikustea ametsa da». Izan ere, Alberdik erakundeen babes zabalagoaren falta sumatzen du:«Egoera ez da ona; hasten ari bazara, ezinezkoa da, eta etsi egin dute askok». Etorkizunari begira, Larrotxeneko ikastaroan idatzitako gidoia grabatu nahi du.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri