Agustin Arrieta Urtizbereari elkarrizketa
- DataOtsailak 12
- Gaia Literatura
"Giza harremanak, hori da Irlak (Erein) ipuin liburuaren enbor nagusia"
"Fikzioak ikaragarrizko menua eskaintzen du, jostun kutxa dirudi, eta, nire egoeraren arabera, hor ibili naiz bide hau edo bestea aukeratzen". Batzuk errealistagoak, besteak fantastikoagoak-edo, Irlak (Erein) liburuko ipuin gehienek eguneroko kontuak erretratatzen dituzte. Eta egunerokotasun horretan, gizakion portaerari buruzko zertzeladak ematen dira. Agustin Arrieta Urtizberearen idazketan bada nabarmentzen den beste joera bat: ipuinak irekiak dira. Irakurleak osatu beharko du artelana bere interpretazioarekin, bere begiradarekin.
Batzuk errealistagoak, besteak fantastikoagoak edo, baina guztietan eguneroko kontuak erretratatzeko joera gailentzen da. Eta egunerokotasun horretan, gizakion portaerari buruzko zertzeladak ematen dira. Giza harremanetan ipini duzu begipuntua. Hori izan daiteke ipuin hauek guztiak lotzen dituen haria?
Bai, giza harremanak, hori da enbor nagusia. Baina esan beharra daukat nik ez neukala planifikatuta gai horren inguruko libururik idaztea. Ipuinak sortu dira banan-banan, denbora luzean zehar, motibazio eta xede desberdinen arabera. Bilduma osatutakoan, konturatu nintzen konexio horretaz, salbuespenak salbu. Hasieran ipuinak irlak ziren, independenteak. Gero, bilduma irlen sare bilakatu da, eta bakarren bat, akaso, isolatu samar geratu da. Azken buruan, giza harremanei buruzko koadro bilduma; kolore, tonu, tamaina eta estilo desberdinez osaturikoa.
Ez da toki jakinen izenik ematen. Pertsonaiak, gertaerak, landutako gaiak... nahikoa unibertsalak dira. Liburu honetan, zure jardunak ez du ‘txokokeritik’ezta?
Arrazoia duzu. Ipuinen iturri nagusia nire inguruko gertakizun arruntek eskaintzen badute ere, gertakizun horiek unibertsaletik edaten dutela uste dudanez, saiatu naiz, orokorrean mintzatuz, erreferentzia jakinak alboratzen. Beste kontu bat da izaera gutxi-asko unibertsal hori lortu dudan edo ez. Gustatuko litzaidake jakitea nire ingurutik oso aparte bizi den jendeak zer nolako harrera egiten dien kontakizun horiei.
Gogora etortzen zaizkit Saramagoren Itsutasunari buruzko saiakera eta Izen guztiak izenburuko liburuak. Lehenengoan ez dago izen berezirik eta bigarrenean, liburuak izenburu hori badu ere, izen berezi bakarra agertzen da (oker ez banago). Dimentsio unibertsaleko narrazioak, noski. Eredu posible bat.


