Luis Morales "Jainkotiarra" pintorearen 54 artelan biltzen dituen erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak

  • Argazkia: Bilboko Arte Ederren Museoa

  • DataOtsailak 10
  • Gaia Ikusizko arteak

Luis Morales 'Jainkotiarra' pintorearen 54 artelan biltzen dituen erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Espainiako Errenazimentuko artista nagusi izandakoa berreskuratu nahi dute

Arrakasta norbere kontra itzultzen da batzuetan, zeren gauza bat baitira Luis Morales Jainkotiarra artistaren lanak (1510/1511-1586), eta oso bestelako gauza bat Luis Morales Jainkotiarraren moldera sortutako bariazioak: XVI. mendeko maisulan teknikoak batzuk, kopia zabarrak besteak. Espainiako pinturako lehen fenomeno komertziala izan zen Morales, baina, denborarekin, kontra itzuli zaio hori, denbora luzez publikoak bariazio horien bidez ezagutu baitu haren lana. Ez da berria egoera. 1961ean utzi zuen Juan Antonio Gaya Nuño arte historialariak idatzita: «Txingotekerien bidez baino ez da ezagutzen Morales». Jatorrizko Morales erakutsiko dute horregatik orain Bilboko Arte Ederren Museoan: maisua. Haren 54 artelan batu dituzte horretarako Madrilgo Prado museoarekin eta Bartzelonako Arte Museo Nazionalarekin elkarlanean sortutako erakusketan, eta maiatzaren 16ra arte izango da Bilbon.

Mugakide dira betikotasuna eta ahaztura Moralesen kasuan. Hala deskribatu du artista, behintzat, Leticia Ruiz Gomez Prado Museoko Errenazimentuko Pintura Espainiarraren Sailaren buru eta erakusketaren komisarioak. «XVI. mendeko Espainiako funtsezko margolaria da, baina publiko orokorrak ia ahaztuta dauka, edo, bestela, oso gaizki ezagutzen du». Eta kopia eta bariazio eskasak dira berriz ere ezezagutza horren motibo nagusia. Ez du horrek esan nahi aitortza akademikorik falta zaionik, halere. New Yorkeko Metropolitan museoak Moralesen artelan bat erosi du orain askorik ez dela, adibidez, eta Londresko, Parisko eta Alemaniako lehen mailako museoetan ere ikus daitezke haren piezak. Espainian, ordea, publiko zabalaren begietan Domenikos Teotokopulos Greco margolariaren itzalpean egon da Morales, komisarioak iradoki duenez. «Biek izan zuten arrakasta kritiko handia bizirik zeudenean, baina gero ahanztura urteak izan dituzte biek».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri