Asier Etxeandia: «Ez dut izendapenean gehiegi pentsatzen»


  • DataOtsailak 1
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

“La novia” filmean egindako lanagatik aktore protagonista onenaren Goya saria irabazteko hautagai den bilbotar aktorearekin hitz egin dugu

Asier Etxeandia (Bilbo, 1975) ez da geldi egotekoa, eta atsedenik gabe ari da lanean: udan, “El intérprete” antzezlanarekin bi urte eta erdiz eginiko bira bukatu zuen, Donostian, eta asteazkenero Florida Park Madrilgo dantzalekua “hankaz gora jartzeko” ikuskizun bat prestatzen ari da dagoeneko; telebistan, arrakastaren bitsetan da; eta, zineman, “Ma ma” egin berri du, Penelope Cruz eta Julio Medemekin, eta, orain, “La novia”n, “Bodas de sangre” Federico Garcia Lorcaren antzezlanaren bertsioan, egindako paperak aktore onenaren Goya sarirako izendapena ekarri dio orain.

Lan erritmo zoroan murgilduta, Etxeandiak oso pozik jaso du izendapena, baina oraindik horretan pentsatzeko astirik ere eduki ez duela aitortu digu. Otsailaren 6ko galara begira, lankideen berotasunaz eta alboan izango duen luxuzko gonbidatuaz, aitaz (“oso harro dago”, esan digu), gozatu nahi du.

“La novia” filmean egin duen lanari buruz hitz egin dugu Etxeandiarekin, eta izendapena nola jaso duen kontatu digu, besteak beste.

Ezer baino lehen, zorionak. Nola hartu duzu “La novia”n egindako lanarengatik Goya sarietarako hautagaien artean egotea, denok zuzenean ikusi ahal izan genuen hasierako sorpresaren ostean (Asier bera izendatuak iragartzeko gala aurkezten ari zen, Emma Suarezek, ondoan zuela, beraren izena irakurri zuenean)?

Egia esan, ez naiz egoeraren oso kontziente. Izendatuak iragartzeko ekitaldia oso zirraragarria izan zen; gainera, batetik bestera eramaten zaituzte berehala, elkarrizketak egitera… Oso kolpe gogorra da.

Hala ere, egia esan, ezusteko handia izan da Goyetarako izendatuta egotea aktore nagusiaren atalean, Ricardo Darin, Luis Tosar eta Pedro Casablancekin batera. Hartara, ez dut horretan askorik pentsatzen, elkarrizketak egiten ditudanean izan ezik. Ez dago nire egunerokoan.

Izugarri ederra da niretzat eta pelikularentzat, eta lankideen babesa erakusten du. Baina ez dut horretan gehiegi pentsatzen.

Zure atalean izendatutako gainerako aktoreen -Ricardo Darín (“Truman”), Pedro Casablanc (“B”) y Luis Tosar (“El desconocido”)- lanak ikusi dituzu? Zer iruditu zaizkizu?

Ezin izan ditut oraindik ikusi. Zorionez, lan karga handiarekin nabil azkenaldian; hori dela eta, tamalez, ezin izan naiz zinemara joan ezer ikustera.

Darinen, Luisen eta Pedroren lana ikusteko asmoa dut, baina oraindik ez dut denborarik izan.

Nola egin zenion aurre “Bodas de sangre”koa bezalako testu boteretsu eta sendoa eta Senargaia, bertan horren pisu nabarmena duen pertsonaia, pantailaratzeko erronkari?

Senargaiarena beti iruditu zait oso pertsonaia liluragarria, eta ez dakit zergatik eman izan zaion beti mengel ukitu hori. “Bodas de sangre”ren hainbat bertsiotan, ia-ia konpromiso hutsez balego bezala ageri da.

Baina modu horretara ez da kontatzen antzezlaneko testuaren benetako gatazka, Emaztegaiak aurrean duen arazoa: denak pasioaren biktimak direla, bera eta Leonardo barne.

Oinaze are handiagoa dago lanean; izan ere, gizakiok ez gaude prest oraindik, horrenbeste urteko eboluzioa gorabehera, pasioa neurtzeko. Eta hori guztia erakusteko, Senargaia pertsonaia sendoa izan behar da, leialtasuna eskaintzen duen gizon indartsua. Senar bikaina da.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri