"Ez dok Amairu" oroituz


  • DataUrtarrilak 28
  • Gaia Musika

Ostiralean, urtarrilaren 29ean, arratsaldeko 7etatik 9etara, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Donostian, UPV/EHUko Mikel Laboa katedrak Ez dok Aamairu oroituz jardunaldiak antolatu ditu, gaur egunetik atzera begirada bat proposatuz lau ikertzaile gazteren eskutik:

    • Ana Gandarak "Ez dok Amairuren garaia: hurbilketa bat" hitzaldia eskainiko du, kultura-ideien ikuspegitik
    • Enrike Hurtadok Ez dok Amairuren jardunean txalapartaren eta musika garaikidearen arteko uztarketa aztertuko du
    • Oier Araolazak, berriz, Ez dok Amairuk dantza tradizionalari eman zion lekua
    • Imanol Artolak Benito Lertxundiri buruz egin duen ikerketa azalduko du.

Lau ikertzaile gazte, musikari gazte bat lagun dutela, Iñar Sastre pianojolea, euskal doinuen eraldatze etengabe baten zurrunbilo atseginera eramango gaituena.

Eta, Ez dok Amairuren jardun diziplinartekoari oihartzun eginez, gaur egungo proiektu bat, musika, irudia eta hitza uztartuko dituena. Harkaitz Cano, Antton Olariaga, Jexuxmai Lopetegi eta Mitxel Muruaren Itzal Zaunka.

Juan Cruz Igerabide Mikel Laboa katedrako zuzendariak dio: "60ko hamarkada: gizartea diktaduraren eta erlijio-zamaren pean, kapitalismoa minbizi antzo garatzen migrazio bortitzak eraginez, eta Europatik aire berriak, esaterako marxismo modernoa, Vatikanoko II. Kontzilioa edo existentzialismoa, orobat Amerikatik, Hego Amerikatik askatasun-mugimenduak, Ipar Amerikatik Vietnamgo Gerraren kontrakoak edo hippieak, hurrenez hurren".

"Egoera horretan- jarraitzen du Juan Cruz Igerabidek-, kultura-berritze mugimendu indartsuak agertzen dira Euskal Herrian, hala plastika arloan, nola musikan edo antzerkian, horien artean Ez dok Amairu. Utzi zuen arrastoari begiratuta, talde bat izatetik kultura bizitzeko mugimendu bat izatera iritsi zela esan daiteke, gaur oraindik ere haren eragina bizirik baitago euskal kulturan".

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri