Belako: «Ondo pasatu ezean, ez luke zentzurik izango»

  • "Hamen" ahalik eta toki gehienetan aurkeztea du helburu taldeak. Argazkia: Iñaki Billelabeitia.

  • DataUrtarrilak 19
  • Gaia Musika

Mungiako laukoteak “Hamen” kaleratu du, ibilbideko laugarren lana, eta errepidera aterako da berriz, agertoki gosez. Cris eta Lorerekin hitz egin dugu, diskoaz eta, oro har, taldeaz.

Helmuga ezberdineko bi bide daude, musikagintzan eta bizitzan, jendearengana heldu eta publiko zabalaren faborea erdiesteko. Batek ospea du helburu; besteak, berriz, onespena du sari.

Ospea, fama, agertokitik at, bulegoetan, lortu ohi da, salbuespenak salbuespen: artistaren ahalmenarekin zerikusi gutxi izaten du, zoritxarrez, eta, esan gabe doa, ez du, edo ez du zertan izan, lotura zuzenik kalitate mailarekin edo lokalean eta furgonetan egindako lanarekin.

Onespena, prestigioa, baina, egunero irabazten da, gitarra eskutan hartuta, lokalean, sortzen den nota bakoitza inoiz sortutako lehena izango balitz bezala sortuz eta, agertokiaren gainean, jotzen den nota bakoitza inoiz joko den azkena izango balitz bezala joz...

Belakoren egungo entzutea bigarren bide honetatik etorri da, dudarik gabe.

Laukotea osatzen duten kideek, Josu eta Lore Billelabeitia neba-arrebek, Cris Lizarragak eta Lander Zalakainek, musika dute langai eta kantu biribilak helburu, baina bidea gozatzen ari dira, ilusioz, eta agerian gelditzen da hori beren zuzenekoetan; egiten dutenaz disfrutatzen dute, nola agertoki handietan hala areto txikietan, eta lokalean (“gehiago entsegatzeko denbora eduki nahiko genuke”, aitortzen dute) eta irri-zaflaka erakusten dute.

Denetarik esaten da haietaz, geroz eta ozenago, eta Estatu mailako musika hedabide guztiek darabilte hitzetik hortzera Belako, “gazteak” direla, “freskoak”, haien zuzenekoak goraipatzen dituzte… “Hamen” diskoa kaleratu dutela eta (gaur, urtarrilak 22, jarri da salgai), haiengana jo dugu zer diren eta norantz doazen euren ahotik jakiteko. Crisek eta Lorek erantzun dizkiete gure galderei.

“AAAA!!!!” eta “Bele beltzak baino ez” EPak kaleratu eta gero, bira etengabean ibili zarete. Noiz erabaki zenuten gelditu eta disko berria grabatzeko tenorea zela?

Lore: Tira, kantu batzuk bageneuzkan…

Cris: 2014an bi EP horiek atera eta gero, prest geneuzkan kantu batzuen zirriborroak lantzen aritu ginen, baina kantuak ez dituzu behin betiko biribiltzen zeure buruari diskoa grabatzeko konpromisoa ezartzen diozun arte.

Gainera, askotan, ez diogu kantuei bueltak emateari uzten, nahiz eta dagoeneko grabatuta egon; hortaz, seguru nago “Hamen”eko kantak aldatu egingo direla oraindik, batik bat zuzenekoetan, orain modu jakin batez grabatu baditugu ere. Gogoan dugun soinura hurbiltzen ari gara, eta, oraindik orain, hau da ideia horretatik gertuen dagoena, baina aurrera begira jarraitzen dugu.

Nola konposatzen du Belakok? Non izaten dute jatorria zuen kantuek?

Lore: Josuk konposatu ohi ditu, eta denetarik egoten da: batzuk baxuaz sortzen ditu, beste batzuk piano edo gitarraz… Gehienbat, nik uste, pianoan sortzen ditu, eta gero baxuaz janzten ditu.

Hortik aurrera, entseguetan jotzen eta egituratzen ditugu eta, sarritan, kontzertuetan jo eta, gero, aldatzen ditugu. Kantu berriak jotzeak ilusioa ematen digu, eta kantuak erabat itxita egon aurretik ere gehitzen dizkiogu errepertorioari. Horrela, probatu egiten ditugu, eta fintzen jarraitu ahal dugu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri