Conversando con Ibon Egaña
- DataUrtarrilak 15
- Gaia Literatura
Ibon Egaña literatur kritikariak ikerketa egin du azken 30 urteotan prentsan idatzitako literatur kritikari buruz. Iaz aurkeztu zuen lan horretan oinarritutako liburua, Utriusque Vasconiaren eskutik, eta bidean topatu eta aztertu dituenez galdetu diogu elkarrizketa honetan
Hedabideetan literatur kritikak egiten hasi eta azken 30 urteotan euskal literatur kritikagintzak eman duena aztertzera. Zergatik da beharrezkoa jardunari buruz hausnartzea? Edo, bestela esanda, zer arrisku dakar hausnartu gabe jarduteak?
Nik uste prozesu aski naturala dela. Hogei bat urterekin hasi nintzen liburuen iruzkinak egiten Euskaldunon Egunkaria-n, eta hasieran oso modu inkontzientean egiten nuen horren inguruko kezkak sortzen joan zitzaizkidan apurka. Editore batek esan zidan behin kritikariaren ibilbidea, beste askorena bezala, kontzientzia-hartze prozesu bat zela, eta askotan gogoratu naiz ideia horrekin. Hasieran “naturalki” egiten duzunaren inguruko kontzientzia hartu ahala, galderak sortuz doaz, hala gertatu zait behintzat niri: zergatik hautatu dut liburu hau eta ez beste bat? zergatik argitaletxe batekoak eta ez bestekoak? ba ote dago liburuak baloratzeko irizpide “objektiborik”? nor naiz ni liburu baten kalitateari buruz hitz egiteko? ze botere-harreman dago kritikariaren eta idazlearen artean?... Eta abar luze bat.
Hedabideetako kritika aztertu duzu, ez akademiakoa. Zer alde dago?
Begi-bistako diferentziez gain (luzera, hautatzen diren obrak, berritasuna, analisi-moduak...), bi nabarmenduko nituzke, nire lanean garrantzia izan dutenak: liburuen balorazioa eta literaturaren teoriaren esplizitazio-maila. XX. mendearen bigarren erditik aurrera (gurean, 1980ko hamarkadatik aurrera), balizko zientifikotasunaren izenean, balorazioa kritika akademikotik kanporatu zen, ustez bederen. Kritika akademikoari analisia legokioke, eta hedabideetakoari balorazioa. Dena den, ñabartu behar litzateke bereizketa hori, kritika akademikoak halako egile aztertzea hautatzen duenean balorazio-ekintza bat egiten ari baita nahitaez, egilea esparru akademikoan kokatuz eta kanonizatuz. Halaber, azken urteetako kritika ademikoak ere, teoria immanentista eta formalistetatik urrundu den heinean, ezbaian jarri du kritika eta analisi objektiboaren helburua. Hortaz, esango nuke esplizitazioan dagoela aldea, baloraziori dagokionez: eskuarki, hedabideetako kritikak esplizituki baloratzen du obra irten berri bat, akademikoak modu inplizituagoan.
Orobat, kritika akademikoak literaturaren teoria jakin bati jarraitzen dio eta prentsakoak, aldiz, ez du esplizitatzen zein literatur kontzepziori jarraitzen dion. Hedabideetako kritika aztertu dudanean, bi puntu horiek izan dira garrantzitsuenetakoak: hedabideetako kritikak esplizituki eta teorikoki formulatzen ez duen literaturaren kontzepzioa zein den aztertzea eta, bestetik, hedabideetako kritikak nola baloratzen duen ikertzea.


