Tene Mujika saria irabazi duen Miren Garateri eginiko elkarrizketa


  • DataUrtarrilak 14
  • Gaia Literatura

Miren Garate kazetari azpeitiarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, azken urteotako ekonomi krisiak dituen eraginak kontatu nahi dituen egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Garaterena eman du irabazletzat Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Idazleari elkarrizketa:

Ekaitzaren zipriztinak proiektuarekin irabazi duzu Tene Mujika saria. Zer kontatuko du liburuak?
Liburuak kontatuko du krisia nola ari zaien eragiten herritarrei. Adibidez, nola eragin dit niri dirua aurreztuta zuen pertsona bezala, atzerritar bezala, ama bezala edo langileak kaleratu dituen enpresario bezala. Horretarako egingo dudana da azken urteotan ekonomiari lotuta asko errepikatu diren termino batzuk aukeratu, eta termino horietako bakoitzari lotuta testigantza bat eta erreportaje bat jaso.

Gai bakoitzean testigantza eta erreportaje bana; ikuspuntu berdina izango dute biek? Osagarriak? Zerk erakartzen zaitu gehiago bietatik?
Testigantza moduan gaiari buruz zerbait esateko duen edonork balio dit. Esan nahi dut: langabe gehienak seguru asko ez dira pozik egongo euren egoerarekin, baina testigantza bezala niri balio dit "ez dut lanik, baina inoiz baino zoriontsuagoa naiz ikasten hasi naizelako" esaten didan batek. Hori da termino bakoitzari lotuta testigantza bat eta erreportaje bat joatearen arrazoia: testigantza bezala edonork balio dit erreportajeetan saiautko naiz ikuspegi orokorrago bat ematen.

Non bilatuko dituzu lekukotasunak? Ze estilotako jendea izango da?
Parterik zailena seguru asko hori izango da, euren kasuak kontatzeko prest dagoen jendea aurkitzea. Ezagutzen ditudan kasuetara jotzeaz gain, han eta hemen eskatu beharko dut laguntza, eragile sozialei eta abar.

Eta erreportajeak osatzeko, ze iturritara joko duzu?
Buruan batik bat unibertsitate munduko jendea dut: ikerlariak, soziologoak... baita gai zehatz horren bueltan ibiltzen diren elkarteak ere.

Ekonomiaz berri ematen egiten duzu lan; zerk harritu zaitu gehien krisi urte hauetan?
Esango nuke, adibidez, krisiak agerian utzi duela makroekonomiak zenbateko eragina duen gure eguneroko bizitzetan. Subprime, Lehman Brothers... urruneko zerbait ziruditen hasiera batean, baina gerora mailekuak lortzeko-eta egon diren zailtazunak kontutan hartuta, ikusi da zuzenean eragiten zigutela. Horrez gain, esango nuke krisiaren eraginez beldur giro bat ere sortu dela, ezinezko ziruditen gauza asko gertatu direlako: beti ondo joandako enpresa asko itxi dira, jendeak etxeak galdu ditu seme-alaben hipotekak bermatzeagatik, ...

Hainbeste albiste ateratzen da egunero... zer gertatzen da kontatu gabe, edo zer berritasun eskaini nahi diguzu
Egia da, azken urteotan ekonomiari lotutako albiste pila iristen dira errredakzioetara, eta aukeratu beharra dago. Nik kontatuko ditudan kasuak ere agertzen dira, alde horretatik ez dut berritasun handirik eskainiko, saiatuko naiz sakonago jorratzen jendearen bizipenak eta alde humanoari lehentasuna ematen.

Krisitik ateratzen ari garela diote batzuek. "Lehengora" itzuliko gara (hala balitz), edo gauza batuk errotik aldatu dira?
Lan baldintzetan, ongizatean... sekulako atzera pausoak eman dira eta horri buelta ematea oso zaila izango da, baina hortik aurrera zer gertatuko den ez daukat ideiarik ere, "lehengora" itzultzea zer den ere ez dut oso argi, ezta zenbateraino den komenigarri ere.

Ekonomiaz jakin beharra dago zure liburua irakurtzeko edo horrekin gozatzeko?
Ez, inondik ere ez.

Miren Garate Azpeitian sortu zen 1985ean. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen EHUn. Praktika garaian hainbat hedabidetan kolaboratu zuen, baina azken urteetan Berria egunkarian dabil lanean, Ekonomia arloan.

Harekin harremanetan jartzeko: mirengarate@gmail.com edo 665724919.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri